“Txinpartak txikiak dira, ez dute asko irauten, baina une egokian sortzen badira, sua piztu dezakete. Eta suak, erre egiten du, baina baita berotu ere, eta, toki eta momentu egokian pizten bada, bidea argitzeko ere balio dezake”.
Azalpen horrekin aurkeztu dituzte datorren asteburuan Laudioko Orbeko Etxean egingo diren Jardunaldi Politikoak. Hain zuzen, Laudion “txinparta eta su berrien sorrera sustatzea” izango da ekimenaren xede nagusia, eta bi eguneko egitaraua atondu dute horretarako.
💥Laudion txinparta berria sortzeko..
— Orbeko Etxea (@orbekaos) January 22, 2024
🔥JARDUNALDI POLITIKOAK🔥
🗓️ Urtarrilaren 27 eta 28an
📍 Orbekon
🍽️ Bazkarietan izena emateko bidali mezu bat orbekoetxea@riseup.net helbidera osteguna baino lehen.
🗣️ Habrá servicio de traducción
Animatu eta zabaldu egitaraua! pic.twitter.com/VYzD5v9ZwI
Larunbat goizean egingo dute lehen mahaingurua. Laudio eta Aiaraldeko okupazio eta autogestio esperientziak izango dituzte hizpide, mugimendu horietan azken hamarkadetan aritu diren hainbat kideren eskutik.
Ondoren, bazkaltzeko aukera egongo da eta, bazkalosteko bingo musikatuaren ostean, bi solasaldirekin beteko dute arratsaldea. Alde batetik, Txao Titis kolektiboko kideek hartuko dute hitza. Iaz sortu zen kolektibo hori, mastektomia egin nahi duen Laudioko pertsona trans bati ebakuntza hori egiteko dirua biltzen laguntzeko. Hain zuzen, “Gorputz disidenteak militantzian” izango da eskainiko dute mahainguruaren ardatza.
Jarraian, kanpotik bertaratutako gonbidatu batzuek hartuko dute hitza: Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarekoek, hain zuzen. Eragile hori ere iaz sortu zuten hainbat etxebizitza sindikatu eta antzeko talderen artean, eta euren borroken nondik norakoen berri emango dute Orbeko Etxean.
Eguna amaitzeko, musikaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek, Gadugi taldearen raparekin eta DJ Baka4-ren musikarekin.
Igandean ere eskualdetik kanpoko jendea bertaratuko da jardunaldietan hitza hartzera. 12:00etan hasiko da “Krisi ekosoziala, desazkundea eta alternatibak” solasaldia, Sukar Horia talde ekologistako eta Otxantegi Herri Lurreko kideen eskutik. Bazkalostean, aldiz, Laudiora begira jarriko dira bertaratutakoak, asanblada irekia egingo baitute herrian garatu daitezkeen proiektu edo egitasmoen inguruan hausnartzeko.
Bazkarietarako izen ematea, osteguna baino lehen
Jardunaldietako jarduera guztiak izango dira doakoak. Hori bai, bazkarietan parte hartzeko izena eman behar da osteguna baino lehen, orbekoetxea@riseup.net helbidera idatzita.
Horrez gain, antolatzaileek iragarri dute gaztelerazko zuzeneko itzulpena egongo dela hitzaldi guztietan.