Delator eleberria plazaratu berri duzu. Zure lehen lana da, ez?
Bai. Niri asko gustatzen zait idaztea, betidanik. Txikia nintzenean argazkiekin eta kromoekin jolasten nuen nire istorioak imajinatzen. Eta gero, handitu nintzenean, nire istorioak idatzi egin nituen eta horrela hasi nintzen liburuak egiten.
Urtebete eman dut liburu hau idazten, baina ez dut erritmo jarraitu bat izan. Egon naiteke aste bat idatzi gabe eta egun bakarrean hiru kapitulu osatu.
Daukazun inspirazioaren araberakoa da hori?
Inspirazioa eta denbora. Egun batzuetan ez dut denborarik klaseak edo azterketak ditudalako. Beste egun batzuetan, aldiz, denbora izan dezaket baia motibaziorik ez… horrekin jolastu behar dut apur bat.
Generozko istorio bat plazaratu duzu.
Bai, gehiena thriller-a da, misteriozkoa, eta fikzioa ere badu, baina ez asko, gauza batzuk azaltzeko baino ez.
🗣️ ELKARRIZKETA | 'Delator' eleberria plazaratu du Joritz Flores Perez gazte laudioarrak. Bere lehen lana da, baina aurreratu du 7-8 liburuko saga baten lehen atala izango dela, eta hasi da dagoeneko bigarrena idazten.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) January 23, 2024
Elkarrizketa osoa hemen 👉 https://t.co/y8R4KD2rlh pic.twitter.com/QuJPBJpvjn
Eta zertan inspiratu zara istorioa osatzeko?
Nik nuen ideia bazen jolas bate egitea, handia. Saw, Alice in Boderland eta antzeko lanetan inspiratu naiz eta horrela egin nuen eleberria azkenean.
Erreferente argiak dituzu, beraz.
Bai, erreferente asko, eta gero nik gauza batzuk asmatu nituen. Adibidez, karta batzuk sartu nituen, nire arima jartzeko liburuan.
Joko bat da eleberriaren muina. Joko hori errealitatera eramatea pentsatu duzu?
Ez, soilik libururako pentsatua dago, joko horren barruan joko txikiagoak daudelako bizitza errealean egin ezin direnak. Bideo-joku batean egin ahalko litzateke agian, baina nik ez dakit halakorik egiten, eta mahai joko formatuan egitea ere zaila izan daiteke.
Istorioak edo idazkerak, zer du pisu gehiago eleberrian?
Nire ustez, istorioak. Liburua ez da konplexua, ez du hitz zailik. Baina istorioa bai saiatu naizela intelektualki zaila izaten, irakurterraza izan arren.
Zure kabuz argitaratu duzu liburua. Hasieratik zenuen argi bide hori hartuko zenuela?
Argitaletxe asko ikusi nituen, baina korapilatsua zen, itxaron egin behar zenuelako, eta ordaindu. Dirua galtzeko arrisku handia neukan, eta 19 urterekin ez daukat diru asko galtzeko. Beraz, nire kabuz egin dut dena: azala, sinopsia… dena.
"Nire asmoa da urtero, egun berean, liburu bat plazaratzea ‘Delator’ ideiarekin"
Zer nolako harrera izan duzu momentuz?
Baditut feedback batzuk. ‘Irakurle beta’ batzuk izan nituen, eta asko gustatu zitzaien liburua. Orain, dirudendetan, asko saltzen ari da. Zuhaitzara ale gehiago eraman ditut, eta baita Ugarteko estankora ere. Bi toki horietan eskuratu daiteke liburua, eta baita Arin liburu-dendan ere. Horrez gain, Internet bidez ere eskuratu daiteke.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Bai. Liburu hau saga baten hasiera da, eta jada hasi naiz bigarrena idazten. Badut eskema guztia pentsatuta, eta baita pertsonaiak ere.
Zenbat liburu idaztea aurreikusi duzu?
Nahiko luzea izango da saga, 7-8 liburukoa ahal bada, ideia asko baititut.
Spoiler-ik egin gabe, zer aurreratu dezakezu hurrengo liburuen inguruan?
Liburu bakoitzak istorio itxi bat kontatuko du, baina gutxinaka beste istorio bat azaleratuko da.
Unibertso beraren alde ezberdinak jorratuko dituzu liburu bakoitzean, orduan.
Bai. Adibidez, lehen eleberri honetako istorioa eleberrian bertan amaitzen da; baina bigarren liburuan bertako adar batek jarraipena izango du, eta baita hirugarrenean ere.
Nire asmoa da urtero, egun berean, liburu bat plazaratzea ‘Delator’ ideiarekin. Ezin dut ideia hori azaldu, spoiler-a izango litzatekeelako, baina bukatzen denean azaltzen da gauza bat, eta hori mundu errealera ere eraman nahi dut, zentzua duelako. Ez naiz hor geldituko: orain, bigarren liburua idatzi ondoren, agian ez naiz zuzenean hirugarrenarekin hasiko. Beste zeozer idazten hasiko naiz seguraski, eta horrela ez naiz gelditzen.
Epe luzerako proiektua duzu esku artean, beraz. Baduzu beste proiekturik buruan?
Ideia asko dauzkat, baina eskemak eta pertsonaiak egin behar ditut. Lehen liburua amaitzean apur bat blokeatuta geratu nintzen. Horregatik erabaki dut sagako bigarrenarekin hastea. Beste ideiak apuntatu ditut eta hor daude zirriborratuta, ez galtzeko.