Otsaileko lehen asteburuan Laudiok abarkak jantziko ditu eta nekazal munduan murgilduko da berriro San Blas ospakizunarekin. Kukutze San Blas Feriak, Udalarekin elkarlanean, antolatutako ekitaldiak ostegunean, otsailak 1, hasiko dira, Terentzio XIV.a txerriaren aurkezpenarekin Aldai Plazan. Azoka larunbatean izango da, Aldai plazan, eta nekazaritza eta artisautza produktuak erakusgai izango dituzten 75 postu hartuko ditu 10:00etatik aurrera.
Azokaz gain, hurritz makilen lehiaketa, txarripata gastronomia lehiaketa -sariak 14:00etan banatuko dira-, herri kirolak, odolostegintza, musika giroa eta, jakina, Terencio txerriaren erreketa eta garbiketa klasikoa izango dira. Halaber, Untzueta taldeak dantzak eskainiko ditu eta Arloteek herriko kaleak alaituko dituzte goiz osoan zehar.
Festan zehar Goizabal baserriko Lourdes Barbara Barbara eta Pedro Maria Isusi Camino ere omenduko dira, gaur egun landa munduan aritzen jarraitzeagatik. Herriko Itxarkundia taldeak ere bere dantzak eskainiko ditu 18:00etatik aurrera.
Ondoren, gaztain dastaketa eta Lorratz erromeriaren musika izango da. Jaia, urtero bezala, 20:30etan amaituko da, Terentzio XIV.aren pisaketarekin.