"Gure hiru urteko alaba ere hil zen mediku batek larrialdietan ikusi gabe"

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 25a, 22:41

Unai Ordoñez eta Camila Lopes, Laudioko anbulatorioaren aurrean. / Aiaraldea.eus

CAMILA LOPESek eta UNAI ORDOÑEZek oroitzapen txarrak berpiztu dituzte 42 urteko laudioar bat larrialdietan hil ondoren. Izan ere, Helena, euren hiru urteko alaba, 2020an hil zen eta, besteak beste, ez zuen mediku baten diagnostikorik jaso Etengabeko Arreta Gunean.

2020ko azaroaren 15ean gertakari lazgarria bizi izan zenuten, nola hasi zen?

Dena ostegun batean hasi zen. COVID garaia zen eta PCR proba egin ostean, pediatrara jo genuen. Hau ere ez genuen ulertzen, ze positibo emanez gero, ez zuten artatu behar? Dena den, negatiboa izan zen emaitza eta medikuari azaldu genion umeak esaten zuela mina zuela sabelean.

Medikuak aztertu zuen, txisaren proba ere egin zion eta, bere ustez, ez zen inondik inora apendicitisa. Burutik kentzeko esan zigun.

Apendicitisa oso mingarria da eta inor ezin da zutunik mantendu. Aldiz, Helenak jolasten zuen, minduta egon arren. Medikuak pilota bota zion eta haurra korrika joan zen eta jaso zuen. Ondorioz, pediatrak baztertu zuen guztiz aukera hori. Txis proba ere negatiboa izan zen eta bere ustez, mimoak nahi zituen, besterik gabe. 

"Larrialdietara joan ginenean ez zegoen medikurik, erizain bat bakarrik, eta esan zigun paracetamola emateko"

Gauean, ordea, sukarrak gora egin zuen. Larrialdietara joan ginen, anbulatoriora. Ez zegoen medikurik, erizaina bakarrik, eta galdetu zigun zergatik ez genion paracetamola eman. 

Erizainak berak esan zigun paracetamola emateko eta sukarra jaitsiz gero, ez joateko ospitaleko larrialdietara. Aldiz, sukarrak gora egiten bazuen, ospitaleko larrialdietara jotzeko.

Paracetamola eman zenioten?

Bai, eta sukarra jaitsi zen. Gero pediatrak deitu zigun telefonoz eta erantzun genion tripako mina zuela esaten zuela, eta ez zuela ezer jan nahi. Telefonoz medikuak aipatu zidan agian kakak zituela eta supositorioa jartzeko. Larunbatean supositorioa jarri eta kaka egin zuen.

Gaueko ordu txikitan botaka hasi zen umea. Botatzen zuena beltza zen eta oso goibel zegoen. Korrika atera ginen eta autoz ospitalera jo genuen, baina bidean hil zen. Apendicitisa peritonitis bilakatu zen.

Zer gertatu zen gero?

Medikuak deitu ninduen gero, astelehenean. Hain zuzen, hitzordua genuen berarekin. Esan zidan izugarri sentitzen zuela eta autopsia heldu bezain pronto berarekin elkartzeko, azalduko zidala zer gertatu zen. Edonola ere, ni blokeatuta nengoen eta ez nuen ezta ulertzen zer esaten zidan. 

Larrialdietan mediku baten arreta jaso ez izanagatik salaketa jartzea baloratu zenuten?

Bai, eta abokatuak galdetu zigun lehenengo gauza izan zen ea psikologikoki prest geunden prozesuari aurre egiteko. Sufrimendu psikologiko izugarria izango zela ziurtatu zigun. Osakidetzak abokatu onenak zituela eta medikuak COVID protokoloa jarraitu zuela aipatu zigun. Printzipioz, Osakidetzak dena zuen bere alde. 

"Abokatu batengana jo genuen, baina galdetu zigun lehenengo gauza izan zen ea psikologikoki prest geunden prozesuari aurre egiteko"

Helenaren heriotzak eragina izan du anbulatorioan?

Bai, ama batek aipatu zidan antzeko egoera gertatu zela. Ume txiki bat nire alabaren sintoma berekin heldu zen eta pediatrak -beste batek- berehala bidali zuela ospitalera. Larrialdietan plaka bat egin zioten eta apendicitisa zuen berak ere. Ebakuntza egin zioten.

Laudioko larrialdietan gertatutako azken heriotzak eragina izan du zuengan?

Bai, bizitzak dira. Hau gelditu behar da. Medikuak beharrezkoak dira. Ume batekin joango zara eta ez da egongo? Davidi gertatutakoa pasako zaizu?

Umeei gertatzen zaiena aintzat hartu behar da. Esaten badu buruko edo tripako mina duela, beharrezkoa da azterketa medikuak egitea. Ez bazaio ezer gertatzen, bikain, baina probak egin ostean ziurtatu dezatela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide