Fabian Legorbururen ordez, 'Areta Herri Eskola' da jadanik ikastetxearen izendapen ofiziala

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 26a, 08:00

Areta Herri Eskola./ Aiaraldea

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak abenduaren 4an horrela zabaldu zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Aretako ikastetxea ez da jadanik Fabian Legorburu, baizik eta Areta Herri Eskola. Horrela aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak abenduaren 4an.

Izen aldaketa tokiko guraso elkarteak bultzatu zuen aurreko ikasturtean, eta prozedura osoa bete dute horretarako. Berez, elkarteak adierazi dio inguruko ikastetxe guztiek egin dutela eta euren nahia ere bazela.

Izen berria aukeratzeko, gurasoek argi zuten Areta agertu behar zela, eta Herri hitza zein kontzeptua ere garrantzitsua zen eurentzat, horregatik erabaki zuten Areta Herri Eskola hautatzea.

Prozesuari dagokionez, gurasoek Laudioko Udaleko euskara teknikariarekin -Felix Mugurutzarekin- hitz egin zuten eta langileak txostena prestatu zien izen aldaketa babesteko. Gero, Laudioko Udalak onartu zuen aldaketa.

Hurrengo urratsa ikastetxean bertan egin zuten eta irailaren 18an gurasoen eta irakasleen artean adostu zuten Areta Herri Eskola izenaren alde egitea.

Jadanik izendapen berria ofiziala izan arren, hezkuntza zentroan Areta Herri Eskolako kartela jarri behar dute, eta gurasoek azaldu dutenez, denbora tartea igaroko da burutu arte.

Gauzak horrela, ikastetxearen izena ez da izango berriro Fabian Legorburu. Aipatu beharra dago gizonezko hori Aretako parrokoa zen Guda Zibila hasi zenean 1936ko uztailaren 18an. Sei egun barru hil zuten mendian. Guraso Elkarteak adierazi du izen aldaketa gauzatzean, arreta eskaini diotela modu ez mingarrian egiteari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide