Postaririk gabe geratu dira Luiaondoko bizilagunak. Urtarrilaren 1ean erretiratu zen ordura arte herrian postari aritutako langilea, eta, geroztik, Correosek ez du ordezkorik kontratatu. Postari faltak gutunak erregulartasunez jaso ezin dituzten 1.200 lagunei eragiten die.
Luiaondoko Administrazio batzarrak azaldu du arratsaldetan paketeak banatzen dituen Correoseko langilea arduratzen dela orain gutun gutxi batzuk banatzeaz. "Banaketa ez dute herri guztietatik egiten, soilik paketeak banatu behar dituzten auzoetatik. Hori dela eta ez dira gutunak erregulartasunez iristen", aipatu dio Maite Alonso Administrazio Batzarreko kideak Aiaraldea Komunikabideari.
Erakunde publikoak jarritako konponbidea "partxe" bat dela salatu du Alonsok, eta uste du "bidegabea dela beste ardura batzuk dituzten Correoseko langileei lan-karga gehiago gehitzea".
Egoera bdieratzeko asmoz, Correoseko arduradunekin jarri dira harremanetan Luiaondoko bizilagunak. Azaldu dietenaren arabera jubilatu berri den postaria ez ordezkatzearen erabakia Madrileko bulegoetan hartu dute.