Laudioko udalak 2024ko aurrekontu eztabaidaren lehenengo mugarria jarri du

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko urt. 26a, 12:23

Aurrekontu teknikoaren zirriborra aurkeztu du gaur Laudioko Udalak, horri inbertsioen kapitulua gehituko diote udaberrian. / Aiaraldea.eus

Laudioko Gobernu Taldeak 25 milioi euro baino gehiagoko aurrekontu teknikoa aurkeztu du, gainerako talde politikoekin eztabaida prozesua abiatuz. Aurrekontu-proposamenari udaberrian landuko den inbertsioen kapitulua gehituko zaio, eta horren definiziorako prozesu partehartzailea jarriko dute abian.

Laudioko 2024ko udal-aurrekontuen eztabaida prozesuari hasiera eman dio EH Bilduk eta Omniak osatzen duen gobernu taldeak. Eztabaida abiatzeko aurrekontu proposamena mahaigaineratu dute, eta gaur udalbatza aretoan egindako prentsaurrekoan aurkeztu dituzte proposamenaren nondik norakoak.

Aurkeztutakoa 25,3 milioi euroko aurrekontu teknikoa da. Azaldu dutenez, aurrekontu horrek %1,37ko igoera suposatzen du iazko kontuekin alderatuta. Lehen aurrekontu-sorta honi inbertsioen kapitulua gehitu behar zaio oraindik.

Hori apirilean aurkeztea aurreikusi du gobernu taldeak, 2023ko kitapena egin ostean. “2023 urteko kitapena ezagutu ondoren, martxo inguruan, 2024ko inbertsio- aurrekontua egiteko partaidetza-prozesua bultzatuko dugu. Apirilean aurkeztea espero dugu. Nolanahi ere, aurrekontu tekniko hauen inbertsio-kapituluan jasota daude jada Lamuzan eta Landaluze-Aretan egingo diren foru-planeko saneamendu-obrak eta Hornidura Plaza birgaitzeko proiektuko obrak”, azaldu du Iñigo Martinez de Cerrillo ogasun zinegotziak. Oraindik aurreikuspenak diren arren, 7 milioi euro baliatzea espero du Martinez de Cerrillok

Bien bitartean, bide eman diote aurrekontuen eztabaida prozesuari.  Tokiko-batzordean proposamena aurkeztuta, gainerako udal taldeek otsailaren 2ra arteko epea izango dute emendakinak aurkezteko. Ondoren, hilabete erdialdean bozkatuko da behin betiko zirriborroa.

Kultura politiko berria

"Aurrekontuak lantzeko kultura politiko berria" jarri nahi du martxan udal gobernuak, eta, horretarako, Udaleko arlo guztietara zabaldu du eztabaida, informazio-batzordeen bidez. 

Proposamenean jasotakoaren arabera, udalerriko kultura eta kirol taldeen dirulaguntza %15 handituko dute, eta, era berean, enplegua eta ekintzailetza sustatzeko aplikazioan ere igoera egingo dute. "Aurrekontuak herriaren memoria historikoari eta gizarte- ekonomiaren sustapenari heltzeko baliabideak ere jasotzen ditu, gizarte-kohesioko programa berriekin erakundeen arteko lankidetza sustatzeaz gain", adierazi du Nerea Gonzalez zinegotziak.

Arloz arlo honako igoerak aurreikusten dira aurrekontu zirriborroan, iazkoarekin alderatuta:

  • Ingurumena eta jasangarritasun energetikoa, %46,42ko igoera
  • Gobernantza Feminista, %2,82
  • Adikzioen prebentzioa, %21eko igoera
  • Osasun publikoa, %4ko igoera
  • Enpleguaren sustapena,, %4,24ko igoera
  • Liburutegia, %15,45ko igoera
  • Sistema informatiko berriak, %16,57ko igoera
  • Tokiko merkataritza bultzatzeko aplikazioa %53,84ko igoera

Prozesu parte-hartzailea aurrera

Iazko azaroan abian jarritako Auzo Batzarren ziklo berritik jasotako ekarpenak baliatu dituzte EH Bilduk eta Omniak 2024ko aurrekontuetarako ekarpen eta iradokizunak jasotzeko.

Prozesu parte-hartzailea aurkeztu zutenean iragarri bezala, aurten ez dute aurrekontu parte-hartzaileentzako aplikaziorik gordeko, eta herritarrek aurrekontu osoko proiektuen gaineko erabakimena izango dute.

Orain arteko prozesutik hogeita hamar ekarpen baino gehiago jaso ditu Udalak, eta horien bideragarritasuna ikertzen ari da, martxoko inbertsioen kapituluan txertatzeko asmoz.

Halaber, ez dute prozesu itxi bezala hartu ariketa eta oraindik ere proposamen gehiago egiteko aukera izango dute laudioarrek. "Aurrekontu bizi eta dinamikoa" dela azaldu du Ainize Gastaka alkateak; "laudioarrek parte hartzeko bideen bitartez aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak eta proiektuak. Helburua guztiontzako Laudio bat eraikitzea da, eta horretarako gure herritarrak behar ditugu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide