Enplego Zoriontsu bat emanaldia eskainiko dute Eñaut Elorrieta musikariak eta Iñigo Astiz idazleak asteburu honetan Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Urtarrilaren 28an -igandea- izango da emanaldia, eta sarrera doakoa izango da. Ekitaldiari 18:00etan emango diote hasiera, baina ate irekiera 17:30ean egingo dute.
Gabriel Arestiren kantuak eta poemak ardatz
Euskal literaturaren izen handietako da Gabriel Aresti, eta, hain zuzen ere haren poemak eta kantuak izango dituzte ardatz Elorrietak eta Astizek, euren ikuspegi propioa eskaintzen duten neurri berean.
"Hamaika bider irakurri ditugu Arestiren poemak, eta asko izan dira, belaunaldiz belaunaldi, haren testuak musikatzera jo duten musikariak ere. Baina hain ditugu ezagunak eta ikusiak haren testu eta abesti batzuk, ezen, tarteka, jadanik ez baitugun zer esaten duten ikusten ere. Eta, paradoxikoki, haren testuak irakurtzea eta haren kantak entzutea da arrisku hori saihesteko modurik ziurrena", azaldu dute emanaldiaren atarian.