Esti Urresolaren '20.000 especies de abejas' pelikularen arrakasta ez da apaltzen eta zinemaren esparruan lan egiten duten kazetariek beste bi aitortza eman zizkioten asteburuan: drama film onenari eta Patricia Lopez Arnaiz antzezleak egindako lanari.
Aipatzekoa da sari banaketan tentsioa handia izan zela, egun berean Carlos Vermut zinema zuzendariaren kontrako hiru salaketa azaleratu baitziren hedabideetan, sexu erasoak leporatuta.
Naizen omenaldia
Horrez gain, Naizen adingabe transexualen Euskal Herriko elkarteak ere aitortuko ditu filmean lan egin duten profesional guztiak: "familia hauen bizipenak oso modu zehatzean zabaltzen lagundu baitu".
Otsailaren 3an izango da ekitaldia Etxarri-Aranatzen, elkartearen XIX. urteurrenean: "Hiriburuetan ospatzetik nekazal gunean ere aniztasuna ikusarazteko helburuarekin. Bertan bilduko dira gaur egun elkartea osatzen duten 300 familia baino gehiagoetako asko, baita azken urte hauetan bidelagun izandako ordezkari politikoak, beste elkarte batzuetako kideak, profesionalak eta ekintzaileak ere".
Naizenek omenduko du Esti Urresolaren filmak egin duen lana ume transexualen errealitatea ikusarazteko
Ospakizuna ez da ekitaldiarekin amaituko. Ondoren, bazkaria, dantza, tailerrak eta ikuskizunak izango dira. Azpimarratzekoa da kamisetak erabiliz denen artean egingo den horma-irudi erraldoia; partaide bakoitzak lanaren zati bat etxera eraman ahal izango du kamiseta batean.
Erlez jantzita eta pantaila erraldoiarekin Alberto Acero plazan, Goya sarien bidean
Feroz sariek, askoren ustez, Goya sarien bidea erraztuko diote Esti Urresolaren filmari -15 izendapen metatu ditu- eta gala izango den egunak bat egingo duenez aratusteen desfilareakin Laudion, Udalak ekimena bultzatu du zuzendariari babesa adierazteko: "Udalak erle erraldoi batekin jantziko du udaletxea. Gala zuzenean jarraitu nahi duten herritarrek pantaila erraldoi bat izango dute eskura Alberto Acero plazan. Herri mailan lorpen bikain horri keinu bat egitea ere proposatu dugu, “20.000 erle baietz” ekimenarekin. Asmoa da gau horretan herritar guztiek txapa bat, pin bat edo erlearen formako beste edozein osagarri mota ikustaraztea. Horretarako, eskoletako ikasleak eskulan hau egitera gonbidatu ditugu, ekimena herri osora zabaltzeko. Nolanahi ere, egun horretan erle baten irudia duten pegatinak banatuko dira herriko denda eta tabernetan“.