Gaur goizean aurkeztu dute Laudio Bidelagun ekimena Laudion. Proiektu horrekin ibilaldi kolektiboak antolatuko dituzte, herritarrek elkarrekin egin ditzaten.
Aurkezpen agerraldian adikzioen udal teknikariak, Sartuko, Pentsionistetako, San Roketzar erretiratuen elkarteko, Laudio Institutuko, Asasameko, Solastiarreko eta Apdemako ordezkariek babestu dute Nerea Gonzalez Adinekoentzako Politika Aktiboen zinegotziaren, Ainize Gastaka alkatearen, eta Juan Carlos Fernandez Crespo Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariordearen hitzartzea.
Ordezkari politikoek azaldu dute herritarren osasun fisiko zein psikologikoa hobetzea duela helburu egitasmoak eta Eusko Jaurlaritzako Mugiment programaren barruan kokatu dute. Fernandez Crespok adierazi du 64 udalerritan egiten dela jadanik eta ariketa fisikoaz gain, gizarte harremanak berreskuratzeko topagunea eskaintzen duela.
Laudion hiru hitzordu
Momentuz, udalerrian ibilaldiak otsailaren 5ean hasiko dira, 10:30ean, Herriko Plazatik Gardeara 'Gardeara goaz' lelopean egingo den joan-etorriko ibilbidearekin. Hurrengo zitak otsailaren 28an eta martxoaren 21ean izango dira, baina ibilbidea zehazteke dago. Nolanahi ere, Udalak datozen egunetan emango du hurrengo irteeren berri, ohiko komunikazio-bideen bidez.
Osasun Publikoko zuzendariordearen presentzia baliatuta, Aiaraldea Komunikabideak Osakidetzako anbulatorioaren egoerari buruz galdetu dio -urtarrilaren 12an gizonezko bat arreta medikurik gabe zendu ostean Etengabeko Arreta Gunean-, baina Juan Carlos Fernandez Crespok erantzun du ez dela bere lan esparrua eta, ondorioz, ez zuela informaziorik.