Asier Sanchez aretarrak jokatuko du bihar Herriaren VIII. Promesa Txapelketako finala

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 1a, 14:16

Asier Sanchez pilotari aretarra. / Herriaren Pilota Elkartea

Iaz finalera heltzeko atarian geratu zen gaztea, baina bihar txapela lortzeko jokatuko du 19:15ean Aretako frontoian, Oier Elorz Zaratamoko gaztearekin.

Asier Sanchez aretarra izango da biharko finaletako protagonistetako bat. Izan ere,  Herriaren VIII. Promesa Txapelketako finalean arituko da Oier Elorz Upo Mendiko taldekidearekin. Printzipioz, Campo eta Plazaren aurka neurtu behar ziren, baina lehenengoak mina hartu du belaunean eta Palaciosek beteko du hutsune hori.

Sanchezek erronka zaila izango du eta etxean lehiatuko da, gainera. Iaz finaleko atarian geratu ostean, aurtengo edizioan finalerdietara pasa zen zuzenean, bederatzi bikotek eman baitzuten izena txapelketan eta guztiek ezin zuten final laurdenetan parte hartu.

Edonola ere, jokatutako partida bakarra oso bizia izan zen. Uriarte (Lezama) eta Inhar Manterola (Herriaren) izan ziren aurkariak eta 20-12 galtzen joan arren, markagailua irauli eta 21-22 irabaztea lortu zuten Sanchezek eta Elorzek. "Etxean jolastea beti ez da erreza izaten eta bai Asier, Aretarra izanik, zein Inhar (Laudio) nahiko urduri ibili ziren", adierazi dute antolatzaileek.

Bestalde, Herriaren XXVII. Txapelketako finalean, Prado-Merino II eta Zubizarreta IV.-Garmendia bikoteen artean erabakiko dute nor izango den irabazlea.

Sarrera doakoa izango da jende guztiarentzat eta partiden artean hainbat zozketa egingo dituzte, umeentzako eskupilota pilotak banatzeko, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide