ESK sindikatuak oharra zabaldu du salatzeko Laudioko larrialdi zerbitzuetako lantokia ez dela egokia, ez bertan aritzen direnentzat, ez materialei dagokienez.
Berez, modulu berriak instalatu dituzte zerbitzu horren zentro berria eraikitzen duten bitartean eta sindikatuak adierazi du atsedengelak desegokiak direla, materialak eta sendagaiak biltzegiratzeko lekurik ez dagoela eta ez dagoela hondakin biologikoak garbitzeko gunerik, ezta inkubagailurako tokirik ere.
Informazio eza
Halaber, ESKk kritikatu du Osakidetzak langileekin hitz egin gabe egin dituela aldaketa guztiak, bai zentro berriaren proiektua, zein behin-behineko azpiegiturak.
Are gehiago, langileen ordezkariek nabarmendu dute oraindik ez dakitela nolakoa izango den zerbitzu horren tokia Laudion eraikitzen ari diren zentro berrian: "Ez da onargarria gure lanpostuen baldintzak eta gure lana betetzeko beharrezkoak ditugun elementuak ondoen ezagutzen dituzten pertsonekin kontsultatu ez izana, eta proiektu horiek hobetzeko aukerarik ez ematea".