Ikasenpresa azokaren III. edizioa ospatu dute gaur Laudioalde Lanbide Heziketa Eskolan. Goi eta Erdi mailako zikloetako bigarren urteko ikasleek ikasturtean garatutako proiektu desberdinak aurkeztu dituzte.
Enpresa eta ekintzailetza irakasgaiaren barruan, ziklo desberdinetako ikasleek enpresa plan bat garatu dute, proiektu bat diseinatu, egikaritu eta saltzeko helburuarekin. Funtsean, enpresa-txiki bat zerotik sortu dute; horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak ekoiztutA: web orria, diseinatutako produktuen prototipoa... Lan guzti horren emaitza aurkeztu dute gaurko azokan.
Laudioaldeko irakasleek egitasmoaren diziplinarteko harremanean egin dute azpimarra. Ziklo desberdinetako ikasleak jarri dituzte batera elkarlanean, bateko zein besteko jakintzak eta ezagutzak batuta produktu erakargarri bat sortzeko helburuarekin.
Ikasleek aurkeztutako egitasmoak orotarikoak izan dira, batzuk eskala handikoak beste batzuk etxean erabiltzeko modukoak, baina guztiak proiektu egingarrietan oinarritutakoak. Besteak beste, aparkaleku domotikoa, automatizatutako erosketa-orgatxoa, alkoholimetroa, negutegi automatizatua edota gailu elektronikoak desinfektatzeko aparatua dira azokan jendarteratutako ideiak.
Laudioaldeko irakasleak oso pozik azaldu dira ekimenak ikasleen artean izan duen harrera eta hauek erakutsitako inplikazio mailarekin.