Laudioko EAJko udal taldeak oharra plazaratu du tokiko erakundeko aurrekontuen inguruan. Jeltzaleek hainbat kritika egin dizkiote EH Bilduk eta Omniak osatzen duten gobernu taldeari eta informazio nahikoa ez dutela izan adierazi dute, besteak beste.
Horrez gain, Ander Añibarro bozeramaile duen taldearen aburuz, proiektua atzerapausua da eta honakoak izan dira egin dituzten zuzenketa nagusiak hori aldatzeko: "Alde batetik, memoria historikoa berreskuratzea, aurrekontu-saila nabarmen handituz, 2.000 eurotik 10.000 eurora pasatuz, tokiko historia babestu eta baloratzen duten proiektuak babesteko; udal-etxebizitzak birgaitzea, 30.000 euroko esleipenarekin, udal-etxebizitzetako bizitegi-baldintzak hobetzeko plan integrala garatzeko. Halaber, erretiratuen zentroa handitzeko lokal bat erostea 150.000 euroko partidarekin, eta tokiko merkataritza sustatzeko eta dinamizatzeko jardueren partida 40.000tik 100.000ra handitzea bilatzen duen beste zuzenketa bat, hori funtsezkoa baita udalerriko ekonomiarentzat".
Bestalde, "gazteen enplegurako eta emantzipaziorako talka-plan bat" osatzea proposatu du opozisioko talde politikoak, 300.000 euroko esleipenarekin, "Laudion enplegua sortzeari eta gazteen emantzipazioari helduko dion plan integral bat ezartzeko".
Gazteleku berri bat irekitzea ere proposatu du jeltzaleek, 250.000 euroko inbertsioa eginda. Gainera, beste 500.000 euroko partida osatzea ere planteatu dute, udal eraikinetan eraginkortasun energetikoa hobetzeko. "Era berean, kontratu-konpromisoak kudeatzeko eta kultura-, jai- eta kirol-dirulaguntzei berariazko gehikuntzak aplikatzeko zuzenketak aurkeztu dira", gaineratu dute.
Ander Añibarro buru duen taldearen aburuz, otsaila berandu da aurrekontuak onartzeko eta urtea amaitu baino lehen egitea exijitu dute, "aurreko legealdian bezala".