'Gorputz disidenteek' hartu zuten ostiralean Orbeko Etxeko oholtza, Somos la Santa Inqueerseccion lemapean. Bilerabi eta Ay Dragmela kolektiboek antolatu zuten ekimena eta dozenaka lagun bertaratu ziren arratsaldetik gauera bitartean.
Mahainguru batekin abiatu zuten egitaraua. "Aliantza bibolloa" izan zuten hizpide solasaldian. Bi kolektibo antolatzaileetako lau kidek hartu zuten hitza bertan, bi Laudiokoak eta beste bi Bilbotik bertaratutakoak. Hainbat gai atera zituzten mahai gainera: bisexual edota 'bollerek' pairatzen dituzten zapalkuntzak, 'gorputz disidenteentzako' espazio seguruen beharra edota hirian eta herrietan bizitzearen artean dauden ezberdintasunak, besteak beste.
Azken puntu horri lotuta, ondorioztatu zuten gorputz disidenteentzako espazioak herrietan ere garatu behar direla, eta horri begirako urrats moduan kokatu zuten ostiraleko ekimena.
Mahaingurua amaituta, festa giroa nagusitu zen Laudioko Gardea auzoko Baserri okupatuan. Jokoak antolatu zituzten lehenbizi, eta 'drag' ikuskizuna eskaini zuten jarraian Ay Dragmela taldeko kideek, Blau Piqué artista kataluniarraren parte hartzearekin.
Honakoa ez da izan Ay Dragmelako kideek Orbeko Etxeko oholtzan ikuskizuna taularatu duten lehen aldia. Iazko irailean ere bertan egon ziren, Txao Titis jaialdian. Oraingoan ere, positiboki baloratu dute ekimenak izandako harrera, eta ziurtatu dute "herrietara 'drag'-a eramaten" jarraituko dutela.