Zinema platoa bilakatu dira gaur Laudioko tren geltokia eta bere ingurunea. David Perez Sañudo zuzendariaren Los últimos románticos filma grabatzen aritu dira bertan, Txani Rodriguezen izen bereko eleberrian oinarritutako pelikula. Miren Gaztañaga aktorea da filmeko protagonista, eta Rodriguezek sortutako Irune pertsonaiaren papera hezur-haragitzen ari da.
Perez Sañudoren bigarren lan luzea da honakoa, kritikak goraipatutako Ane pelikularen ondoren. La trinchera infinita film saritua ekoiztu zuen ekoiztetxe berdina dago lan honen atzean ere.
Eleberriak egin bezala, komunitatearen zentzua eta klase kontzientzia zeharo galdu diren garai bat du oinarri pelikulak. Testuinguru horretan, Irune protagonistaren mundu intimoa eta barne gatazkak aztertuko ditu zintak.