Bultzada eman diezue Gardeako Jaie. Nola sortu da ideia?
Miren Luja: Urteak daramatzagu parte hartzen, baina Udalaren atzean. Ideiak eman dizkiegu eta Udala egokitu da gure gustu, behar eta interesetara.
Eider Arbaizagoitia: Bai. Esaterako, Miren beti egon da Gardeako jaien atzean. Berak egin du txokolatea etxean umeentzat, nahiz eta Udalak dena antolatu.
Aurtengo ezberdintasuna da izena eman dugula elkarte gisa. Jai Batzorde ofiziala bilakatu gara, baina Mirenek badaramatza Gardeako Jaietan hainbat urtez. Sortu dugu taldea, eta Udalean legeztatu dugu.
M. L.: Gardear Jai Elkartea da bere izena.
E. A.: Gu hirurak gara presidentea, idazkaria eta diruzaina.
M. L.: Baina jende mordoa dago atzean eta horrekin gaude pozik. Jende asko batu da eta babesa daukagu, parte hartu eta ekarpena egin nahi dute. Jende orok gogoratzen du Gardeako Jaiak zer ziren. Orain nahi dugu hori izatea berriro. Oso pozik nago, ze izugarri kostatu zaigu urratsa egitea eta taldea osatzea.
"Jende oso anitza gara adin edo ideologiaren aldetik eta horrek ahalbidetzen du guztiok ekarpenak egitea"
Javier Jaen 'Peke': Hiru ginelako.
M. L.: Bai, baina orain askoz gehiago gara.
Eta zer ikasten ari zarete?
E. A.: Ikusten ari gara zein neketsua den paper guztiak betetzea. Baina, oztopoak oztopo, pozik gaude. Etorri dira pare bat lagun bazkari herrikoia antolatzeko. Aspaldi ez zela egiten.
J.J.P.: Eta eurek egingo dute dena.
E. A.: Orbeko Etxeak ere parte hartuko du. Sartuko dira antolakuntzan eta zerbait berezia prestatuko dute.
J.J.P.: Jatetxeren batek ere parte hartuko du lehiaketetan oparia emanda.
Zer moduz moldatzen ari zarete zuen artean?
E. A.: Hori gure alde dago. Denetarik gaude eta ez genuen elkar ezagutzen. Gardeakoak gara betidanik eta kontu honetan ezagutu dugu elkar. Zorionekoak gara.
M. L.: Auzoa egiten ari gara. Jaiak laguntza dira horretarako.
E. A.: Adin guztietakoak gara, bakoitza auzoko punta batekoa, ideologia ezberdinetakoak... Ez dugu zerikusi handirik gure artean.
M. L.: Hori da onena. Ekarpen ezberdinak egiteko gai gara.
Antolakuntzaren zein unean zaudete orain?
E. A.: Taldeak kontratatzen ari gara.
J.J.P.: Azarotik daramagu egitaraua zehazten.
M. L.: Orain, gutxi gorabehera badakigu zer nahi dugun eta taldeak kontratatzen ari gara. Laudioko taldeak egotea nahi dugu.
"Laudioko eta Aiaraldeko taldeak kontratatzea da gure asmoa"
J.J.P.: Saiatzen ari gara gehiengoa Laudiokoa izaten edo eskualdekoa. Hemengoak izan daitezen, Orbeko integratzea...
Pistaren bat eman nahi duzue egitarauari buruz?
E. A.: Nik txupinazoari emango nioke garrantzi handia. Nahi dugu herrikoia izatea eta jendeak parte hartzea.
M. L.: Iaz bezala, Bi Hotsak abesbatza egongo da eta Rakataplak parrillada egingo du. Ideia oso ona da.
E. A.: Jendeak parte hartzen du. Oso polita izan zen.
J.J.P.: Eta gero, abestu ostean, giroa berotzen dute eurek, trikitiarekin.
M. L.: Aurten ukitu berezia eman nahi diogu.
J.J.P.: Eta egun guztia betetzea, goizetik gauera arte.
M. L.: Denetarik egon dadin, jende anitzarentzat, eta Otxomaioekin lehiatzeko. Jendea Gardean gera dadin.
E. A.: Lehen bezala. Hori galdu da eta jende gaztearentzat arrotza izango da.
M. L.: Bai, jende gaztearentzat Gardeako Jaiak umeentzat edo oso nagusientzat dira. Jende gaztea ez dator ez dutelako bizi izan. Duela ia 30 urte ez dela hori gertatzen. Iaz DJ bat egon zen eta giroa sortu zen Sozialean, ezustekoa izan zen.
"Jende gazteak ez daki nolakoak izan diren Gardeako Jaiak"
J.J.P.: Atsegina izan zen auzoko jendea batu ginelako. Inoiz ez ginen aurretik elkartu eta taldea egin genuen.
E. A.: Auzoa egitea bada helburuetako bat. Jakina, nahi dugu Laudioko jendea etortzea, baina gure artean elkar ezagutu behar dugu. Badirudi Gardea lau baserri direla eta ez, jende pilo dago: umeak, nagusiak...
"Orbeko Etxeak Free Tour bat antolatuko du"
Taldean parte hartzeko zer egin behar dute interesdunek?
E. A.: Gurekin harremanetan jartzea. Batzarrak egiten ditugu bi astean behin, jaiak hor baitaude. Ideia berriak badaude, gu prest entzuteko.
Dena den, zuek inguruko jendearekin hitz egin duzue antolakuntzan aritzeko, ezta?
M. L.: Jakina, baina lehen ere egiten genuen. Aurten gehiago, hori bai.
J.J.P.: Niretzat ekintza berezia izango da Free Tour bat egitea Orbeko Etxean. Igandean izango da eta zizka-mizka antolatuko dute, musika talde batekin...