Cosecha del 48 elkarteak Jose Julian Montes argazkilaria omendu du gaur. Erabilera anitzeko udal aretoan izan da ekitaldia 13:00etan eta Juan Jose Salazar San Roke Kofradiako kideak hartu du hitza, lehenik eta behin, goraipatzeko pertsona jatorra dela Montes.
Dena den, Salazarrek azpimarratu du bestelako ezaugarriak dituela omenduak, eskuzabaltasuna edota langilea izatea, kasu. Hizlariak azaldu du Kofradiak Laudioko memoria historikoa lantzeari ekin zionean, Montesek bere aitaren bilduma eta berea eman zizkiola erakundeari.
Halaber, gogoratu du argazkilari leinu baten kidea dela (bere birraitonak Parisen ikasi zuen argazkigintza eta bere aitona eta aita ere profesionalak izan ziren) eta hainbat urtez El Correon lan egin zuela. Horretarako, trebakuntza zabala jaso zuen, Fisikako lehen ikasturtea eta merkataritza-peritu ikasketak amaitu ondoren.
Salazarren ostean, Montesek berak irakurri du testua, zeinean eskerrak eman dizkion El Correon izandako lankideei eta baita ASASAMeko kideei, Mari Carmen de Val bere ama eta bera ere zaintzeagatik; eta Roman Ljubimovi, adimen artifizialarekin irudiak sortzen laguntzeagatik.
Ekitaldiaren ondoren, talde argazkia egin dute bertaratutako guztiek.