Tresna berria jarri du abian Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak: Euskararen Semaforoa. "Herritarren, elkarteen, entitateen, antolatzaileen eta instituzioen eskura" egongo da baliabide hori, eta "berehalako informazioa" emateko balioko du, eskaintza zehatz baten gaineko "hizkuntza aukerei buruz".
Hala azaldu du Kontseiluak prentsa ohar baten bidez. Funtsean, eskualdean zein eskualdetik kanpo antolatzen diren ekintzak semaforo baten koloreen arabera sailkatzea planteatzen du egitasmoak. Baliabide kutxa sortu dute horretarako, eta "edozein entitate, elkarte edo norbanakori" luzatu diote erabiltzeko gonbita, eta baita atxikimendu hori publiko egiteko ere, #euskararenSemaforoa traola erabilita.
Ekimenaren sustatzaileek uste dute ekimenak balioako duela "euskarazko eskaintza eta kontsumoa" bultzatzeko, eta "nabarmen eta agerian" utziko duela " alor batzuetan euskararen eskaintza handitzeko beharra".
Horri lotuta, Kontseiluko kideek aldarrikatu dute beharrezkoa dela hizkuntza eskubideengan ere arreta jartzea ekintza bat programatzerako orduan. "Bide berriak zabaldu behar dira baita, adibidez, erdaraz eskaintzen den hitzaldi batean publiko euskaldunak galderak bere hizkuntzan egiteko aukera bermatuz; edo erdaraz eskaintzen den ikastaro batean, ikasleari euskaraz mintzatzeko aukera emanez, irakasle elebidunak kontratatuz", aipatu dute.