Ecovidrioko azpikontratatako langileek %40 arteko soldata igoera lortu dute lan hitzarmen berriarekin

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 21a, 12:05

Ecovidriorentzat egiten du lan ASU enpresak. / Wikipedia

ASU azpikontratak Laudion dauka egoitza. Bi asteko grebarekin mehatxatu ondoren, soldata igoerak eta lanaldi murrizketak lortu dituzte langileek. KPI igoera bermatu dute eta behargin orok soldata bera ere izatea. Ondorioz, kasu batzuetan, %40an hobetu dute ordainsaria.

ELA sindikatuak jakinarazi du Ecovidrio beira biltzeko enpresaren azpikontratan -ASU- lan baldintzen hobekuntza nabarmena eskuratu dutela sinatu berri duten hitzarmenari esker, 2024-2026 epealdian indarrean egongo dena.

Enpresak 33 behargin dauzka Laudioko egoitzan, eta beste bi egoitza ditu Bizkaia eta Gipuzkoan. Urtebete aritu ziren lan hitzarmena negoziatzen, eta azkenean hamabost eguneko greba proposatu zuen ELAk.

Horren aurrean, elkarrizketak arindu ziren zuzendaritzaren eta sindikatuko ordezkarien artean eta lan baldintzek hobera egin dute. Hobekuntza nabarmenena izan da langile guztien soldatak parekatu dituztela, KPIren araberako igoerak adostu dituztela eta, homogeneizazioaren ondorioz, zenbait langilek %20ko, %30eko eta %40ko gorakada izango dutela ordainsarian.

Horrez gain, lanaldiaren murrizketa ere egon da eta 1826 ordutik 1592ra igaroko dira.

ELAren iritziz, honako hauek dira akordioaren puntu garrantzitsuenak:

  • KPIa langile guztientzat, eta soldatak homogenizatzea; kasu batzuetan.
  • Soldata igoerak %20, %30 eta %40tik gorakoak dira.
    Urteko lanaldia 1826 ordutik 1592ra murriztea.
  • Gaixotasun arruntagatik aldi baterako ezintasunak modu nabarmenean osatzea.
  • Jaiegunetako soldata igoerak.
  • Subrogazio bermea hobetzea.
  • Seme-alabak dituzten langileentzako hileko dirulaguntzak.
  • Langileen batzarretarako ordaindutako orduak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide