Meaza Construcciones y Excavaciones enpresako gerentea salatu dute epaitegian konpainiako behargin gehienek. Zehazki, bederatzi langiletik, seik jo dute epaileengana, hiru soldata eta bi ordainsari zor dizkielako, ELA sindikatuak Aiaraldea Komunikabideari adierazi dionez. Berez, guztiekin ditu zorrak, baina kolektibo osoak ez du jo epaitegira.
Ordainketa falta horiek azken urtean metatu ditu konpainiako jabeak (2016an erosi zion Guillermo Mansok enpresa sortu zuen familiari) eta langileek exijitzen dute kaleratze bidegabea eta zorren kitapena egikaritzea.
Momentuz, langileek ez dituzte mobilizazioak abiatu, baina ez dute bide hori baztertzen, epaiketak martxoan hasi eta hainbat hilabetez luzatuko dira eta.
Hori bai, salaketa egin dutenek jadanik exijitu diete erakundeei jarrera irmoa erakustea enpresari dagokionez. Izan ere, lan publikoak egiten ditu konpainiak eta langileek agiria bidali diete Arabako Foru Aldundiari eta zenbait Udalei jakinarazteko zorrak dituela eta, ondorioz, ez lukela diru publikorik jaso behar.
Meaza familiarekin arazorik ez
Beharginek azpimarratu dute euren salaketek ez dutela zerikusirik Meaza familiarekin. Horiek sortu zuten enpresa, baina 2016an saldu zioten jabe berriari. "Ordutik Meaza familiako kideekin harreman ona mantendu izan dute", argitu du ELAk.