Geldiezinak gara proiektua aurkeztu dute gaur Gardeako Gizarte Etxean Laudioko bi zinegotzik -Nerea Gonzalezek eta Nagore Gomarak- eta hainbat kirol elkarteko ordezkariek. Kirol eta Gobernantza Feministako Sailen artean landu dute eta helburu anitzak ditu egitasmoak.
Emakumeen Nazioarteko Egunera begira jarri dira, xedeetako bat baita emakumezkoek hainbat kirol mota ezagutzea eta praktikatzea. "Tamalez, adin jakin batera heltzean -nerabezaroa-, kirola egiteari uzten diote neskek, eta hori ekidin nahi dugu. Laudion badaude adin, genero eta gustu guztietarako kirolak eta", azaldu du Nerea Gonzalez Kirol zinegotziak.
Gauzak horrela, emakumezkoen parte hartzean jarri dute arreta eta padeleko jokalari profesionalak edota xakeko puntako jokalariak egongo dira.
Igandero jarduerak
Otsailaren azken asteburutik martxora bitartean luzatuko da eskaintza. Jarduerak 10:30etik 13:30era egingo dira, martxoaren 17an izan ezik, arratsaldez izango direlako (17:00etatik 21:00etara), Berdintasunaren aldeko V. Martxa Neurtua dela eta.
Laudion kirolak hartuko duen lehen tokia Latiorro izango da. Haitzetan Gora Mendi Taldeak jarduera parte-hartzaileak gidatuko ditu rokodromoan, eta Arrizkuzubi Herri Kirolakek emakumeen herri kirolen erakustaldia eskainiko du. Laudioko Lautxirrinkak, berriz, irristatze-erakustaldia egingo du eskolako ikasleekin. Irristaketa egin nahi dutenek irristailuak eraman edo bertan pare bat eskatu ahal izango dituzte.
Bigarren kirol jardunaldia martxoaren 3an burutuko da Ellakurin. Laudio Atletismo Klubak guztiontzako jarduerekin emango dio hasiera jardunaldiari, eta ondoren Altzarrate Kirol Elkarteak eta Laudio San Rokezar elkarteak euren ginkana egingo dute. Azken jarduera, Laudioar Txirrindulari Elkartearen eskutik, txirrindulari joko birtual bat izango da.
Martxoaren 10ean kirol jarduerak Gardeara lekualdatuko dira. Bertan, Arabako Hockey Federazioak, Ganbegi 6-2 Hockey Taldearekin eta Satorrak Hockey Taldearekin elkarlanean, jarduera parte-hartzaileak egingo ditu, eta Laudioko Padel Gardea Klubak erakustaldi misto profesional bat eskainiko du, Yera Campos eta Aitana Solaun kirolariek herriko bi jokalari onenen aurka lehiatuta. Eguna tenis-eskolak antolatutako erakustaldiarekin eta publiko guztientzako aire zabaleko zirkuituekin amaituko da.
Berdintasunaren aldeko V. Martxa Neurtua dela eta, martxoaren 17an jarduerak Aretan izango dira arratsaldez, 17:00etatik aurrera. Egun horretan bolo-erakusketa egongo da, Bolatoki Ruperto Urkijo Klubaren eskutik. Llodio-Laudio Taekwondo Klubak antolatutako taekwondo borrokaldia ere ikusi ahalko da, eta Arabako Euskal Federazioak, Herriaren Pelotazale Elkartearekin elkarlanean, antolatutako elite femeninoko 4 1/2a ere bai.
Ekimena hilaren 24an amaituko da saskibaloiko trebetasun zirkuitu batekin Sugarrak klubaren eskutik, aldibereko xake partidarekin Itsasne Eguiaren aurka, Laudio Xake Klubak antolatutakoa, eta Uxue Alonso laudioarraren Emakumeak eskubaloian hitzaldiarekin, Laudio Eskubaloi Klubak antolatutakoa.
Azkenik, herritarrek Bushikan Kirol Elkarteak antolatu duen norberaren defentsarako tailerrean parte hartu ahal izango dute 13:30ean. Ekintza guztiak Lamuza-Granja Kiroldegian izango dira.
Adikzioen kontra
Jorratu nahi duten beste aldagai bat ohitura osasungarriena da. Horregatik, ASAJERek, Jokoaren Aurkako Elkarteak, informazio-mahaia jarriko du martxoaren 3 eta 24an, 10:30etik 12:00etara.