K1 kiroleko profesionaltasunerantz urrats berria egin du Billal Ben Yechouk, Bilboko Blakz Teamen sartuz. Modu naturalean heldu zaio aukera 21 urteko aretarrari, berak azaldu duenez: "Borroken bitartez Blakzeko zenbait kirolari ezagutu ditugu, Arkaitz Ramos 'Gudari', esaterako. Harreman ona egin dugu eta eurekin entrenatzea proposatu didate".
Erabakia ez da erraza izan, Hajimen oso gustura baitzegoen: "Hajime nire etxea da. Han jaio naiz borrokalari gisa". Hala ere, ez du zalantzarik izan eta zenbait helburu betetzeko asmoz joan da Bilbora.
Horrela azaldu du Ben Yechouk berak: "Blakz Teamen hiru borrokalari profesional daude eta hori prestaketan nabaritzen da. Gainera, Bilboko klub garrantzitsuenekin (Quon Shaolin edota Elite) prestatzen dituzte borrokak. Nolabait, inguruko borrokalari onenekin lehiatzeko aukera daukat eta nik nire maila onenera eramateko asmoa daukat, bai fisikoki zein psikologikoki. Hajimen ere oso harreman onak izan ditugu eta, adibidez, Amurrioko borroka prestatzeko Torrelavegara joan ginen. Dena den, Blakz Teamek askoz baliabide gehiago ditu".
Printzipioz, martxoaren 16an izango du bere lehen borroka talde berriarekin. Asturiasen izango da, Foz de Morcinen. Hango borrokalari bat WKL federazioko munduko txapelketa lortzeko lehiatuko da eta kartel berean egongo da gazte aretarra.