“Bide honetatik jarraitzen badugu, baserri txikiak desagertu eta eredu industriala gailenduko da”

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko ots. 25a, 12:00

Maria Begoña Escuza Laudioko azokako postuan. / Aiaraldea.eus

MARIA BEGOÑA ESCUZA ARBAIZAk urteak daramatza postua jartzen Laudioko baserritarren azokan. Lehen sektorean azken asteetan egondako mobilizazioen eta tokiko baserritarren egoeraren inguruan mintzatu da.

Zer iritzi duzu azken asteetako lehen sektoreko mobilizazioen inguruan? Bat egiten duzu?

Bai, noski egiten dugula bat mobilizazioekin. Gu baserritarrak gara, baserritik bizi gara eta justuki biziraun dezakegu. Guk behiak ditugu eta ezin dugu ia hauen pentsua ordaindu ditugun lursailekin. Laguntzarik ez badago, laster desagertuko da lehen sektorea. Nire alabak, esaterako, ez du familia negozioarekin jarraitu nahi, ez duelako etorkizunik ikusten bertan.

Zeintzuk dira tokiko nekazarien aldarrikapen nagusiak?

Alde batetik, erretiroa hartuko dugunoi merkatura etortzen uzten jarraitzea. Izan ere geroz eta zailtasun gehiago ari dira jartzen. Guk etxerako ekoizten dugu eta soberakinak jaisten ditugu azokara, hori egiten jarraitu nahi dugu, autokontsumoa sustatuz.

Ekologikoan egiten dugu lan, sasoian sasoikoa ekoitziz. Ogia ere egiten dugu baserrian.

Zer zailtasun dituzue zuen egunerokoan?

Denetarik, egunez egun traba gehiago ditugu. Duela urtebete Ticket BAI sistema jarri zuten merkatuetan, eta gu negozioa abandonatzeko zorioan egon ginen.

Erregaiaren prezioak ere izugarri egin du gora, ez da errentagarria traktorea piztea ere. Ongarriak ere garestitu dira… Denak egin du gora!

Udaletxeak ere egundoko trabak jarri izan dizkigu. Nik lehen baserrian txerria hil eta odoloste batzuk banituen soberan, arazo barik jaitsi ahal nituen azokara, orain ezinezkoa dut hori. Osasun ziurtagiria atera behar izan dut etxean ditudan hogei olioentzako, 5.000 oilo dituen baserritar handi batek bezain beste ordiandu behar dut, eredu industriala ari dira sustatzen. Lehen baserritarrak haien soberakinekin jaisten ziren merkatura, orain esplotazio handien exijentziak bete behar ditugu lau sagar saltzeko. Bide honetatik jarraitzen badugu, baserri txikiak desagertu eta eredu industriala gailenduko da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide