Ohiko mobilizazio ereduetatik aldendu ziren atzo Laudion eginiko ekitaldian. Goizeko hamaiketan ekin zioten Herriko plaza zapata parez betetzeari, Israelek Palestinan azken hilabeteetan eraildako pertsonak oroitzeko. Zapaten inguruan bueltak ematen hasi zuten protesta ekimena, eta 'mikro-irekia' egin zuten jarraian. Laudio zein Aiaraldeko hainbat sortzaile zein bizilagun animatu ziren poesia, kantak edota diskurtso laburrak plazaratzera, Palestinaren aldeko aldarri kolektiboa osatzeko asmoz.
Ondoren, zapata guztiak poltsetan sartu eta Lamuza plazara mugitu ziren herritarrak. Bertako berdegunean atondu zuten monolitoa, eta hor pilatu zituzten oinetakoak. “Gaurko honetan, zapata bilketa honen bitartez, errealitate lazgarri bat irudikatu nahi izan dugu”, azaldu zuten ekimenaren antolatzaileek amaiera ekitaldian, “imajina ezazue zapata hauek bete behar zituzten pertsonak zuen ingurukoak zirela: lagunak, neba-arrebak, auzokideak, ogia saltzen dizuna, eskolan zure ondoan esertzen zena”.
Modu horretan nahi izan zuten irudikatu Israel Palestinan egiten ari den sarraskia, “nahikoa” dela aldarrikatzeko, eta nabarmentzeko Laudiotik ere posiblea dela gauzak egitea egoera horri buelta emateko. Ildo horretan “sinbolismotik harago” joateko deia luzatu zuten antolatzaileek, “kontzientziazioa sustatu, mobilizazioa bultzatu eta eraginkorrak diren neurriak” sustatzeko.
Israeli boikota egiteko deia
Ekitaldian salatu zutenez, Euskal Herrian ere asko dira “Israel ekonomikoki eta politikoki babesten dutenak”. Horren aurrean, estatu horren aurkako boikot, desinbertsio eta zigorren kanpaina jarri zuten “itsasargi” moduan; “bide erraza” ez den arren, “garaipen zerrenda luzea” erdietsi duelako. “Mundu-mailako mugimendu honetara batzera animatzen zaituztegu. Laudiotik gure aletxoa jartzeko lanarekin jarraituko dugu”.
Iaz sortu zen Palestinaren aldeko Laudioko herritar taldea, eta giza-katea izan zen antolatu zuten lehen ekimena: