Kargutik kendu dute Laudioko Udaltzaingoko buruzagia, “gertutasunezko polizia lortzera bidean” urratsak ematen hasteko

Txabi Alvarado Bañares 2024ko ots. 26a, 22:02

Udaltzainen buru berria hautatzeko prozesua abiatu dute orain. / Laudioko Udala

Gaur arratsaldeko Udal Osoko Bilkuran eman dute erabakiaren berri. Ainize Gastaka alkateak aldarrikatu du “konfiantza eta elkarlana” egon behar direla tokiko poliziaren agintearen muinean. Bere ustez, “orain arte ez da hori egon”.

Laudioko Udaltzaingoko buruzagia kargutik kendu du Udal Gobernuak. Otsailaren 13an kargugabetu zuten ofizialki, baina gaurko Udal Osoko Bilkuran eman dute erabaki horren berri. Ainize Gastaka alkateak eskaini ditu gaiari buruzko azalpenak, “berebiziko garrantzia” duela argudiatuta.

“Udaltzaingoa alkate honen kezka handi bat da, nire kezka handi bat da”, adierazi du gobernuburuak. Nabarmendu duenez, “kalitatezko eta gertuko polizian sinetsita” dago, “herritarrentzako eta herriarekin lan egiten duena eta berehala erantzuten diena gatazkei, eraginkorra eta herritarren egunerokoarekin konprometitua”. 

Ildo horretan, poliziaren agintearen muinean “konfiantza eta elkarlana” egon behar direla uste du alkateak. Bere hitzetan, “orain arte ez da hori egon”. 

Gastakak aitortu du “zaila eta gogorra” dela horrelako erabakiak hartzea, eta nabarmendu du “erabateko konfiantza galera” izan dela erabaki hori hartzea bultzatu duena. “Hemendik aurrera, gertuko Udaltzaingoa lortzeko proiektua abiatzeko pausoak ematen hasiko gara, gertutasunezko polizia lortzera bidean”.

Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak eman ditu erabakiaren gaineko xehetasun gehiago, bilkuraren ostean komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan. Azaldu duenez, “izendapen askearen bidez” hautatzen da polizia burua eta, beraz, nahiko ohikoa da udal gobernu aldaketa dagoenean kargu horretan dagoen pertsona ere aldatzea. “2011n Bilduk hala egin zuen udal gobernu honetan sartu zenean, eta orain arte egon den pertsona aurreko udal gobernuak hautatu zuen”, gogorarazi du Martinez Cerrillok, eta gaineratu du askotan legealdi hasieran egiten dela buruzagi aldaketa, baina oraingoan nahiago izan dutela denbora hartu "udalaren benetako egoeraren argazkia" izan arte.

Bukatzeko, zinegotziak iragarri du buruzagi berria hautatzeko prozesa jarriko dutela martxan, hautagai eta proiektuak jasotzeko epea irekiz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide