25,3 milioi euroko aurrekontua onartu du Laudioko Udalak, baina “partaidetza prozesu baten bitartez” osatuko dute inbertsioen zatia

Txabi Alvarado Bañares 2024ko ots. 27a, 07:00

Atzoko plenoan onartu ziren udal aurrekontuan. / Aiaraldea.eus

Udaberrirako aurreikusi dute “aurrekontu kolaboratibo” horren definizioa egitea. PSE-EE abstenitu egin da bozketan, bere hainbat proposamen jaso dituztelako plangintza ekonomikoan. EAJk, aldiz, aurka bozkatu du. 

Atzoko Udal Osoko Bilkuran onartu ziren Laudioko Udalaren aurtengo aurrekontuak. 25,3 milioi euroko plangintza ekonomikoa izango da, iazkoa baino %1,38 handiagoa. 

Aurrekontuekin batera, udal antolaketa berria onartu dute. Sei arlotan banatu dute, eta hau izango da bakoitzari aurten esleituko zaion diru kopurua:

 


Gauzak hala, Udal Gobernuak nabarmendu du igoerak aurreikusi dituztela hainbat esparrutan:

  • Ingurumena eta jasangarritasun energetikoa (%46,42ko igoera)
  • Gobernantza feminista (%2,82)
  • Adikzioen prebentzioa (%21)
  • Osasun publikoa (%4)
  • Enpleguaren sustapena (%4,24)
  • Udal liburutegia (%15,45)
  • Kultura eta kirol eragileentzako dirulaguntzak (%15)

Diru-sarrerei dagokionez, hauek dira Udalak aurreikusi dituen finantzazio-bide nagusiak:

 

Inbertsioak, zehazteke

Dena dela, aurrekontuaren zati handi bat definitzeke dago oraindik. Udal gobernuak berak jakinarazi du atzo onartutakoa “aurrekontu orokorra” baino ez dela, eta “izaera tekniko nabarmena” duela. Datozen asteetan zehaztuko dute inbertsioen atala, behin jakinda 2023. urteko kitapenak zenbat diru uzten duen soberakin moduan.

Aurreratu dutenez, “partaidetza prozesu bat” jarriko dute abian martxoaren amaieran, eta bertan zehaztuko dute zertan eta nola inbertitu. “Udalerriko aurrekontu-politiketan auzotarrek eragin eta erabaki dezaten, erabakigarria izango da auzoko batzarretan eta kontseilu sektorialetan parte hartzea”, nabarmendu dute. Orain arte egin diren batzarretan ekarpen ugari jaso dituzte dagoeneko, eta aurreikusi dute horietako gehienak aurrera eraman ahalko dituztela, Udalak zortzi milioi euro inguruko soberakina izan dezakeela kalkulatzen dutelako. Hala ere, aipatu bezala, 2023. Urteko kitapena amaitzen denean jakingo dute zehazki zenbat dirurekin kontatuko duten.

“Udalerriko aurrekontu-politiketan auzotarrek eragin eta erabaki dezaten, erabakigarria izango da auzoko batzarretan eta kontseilu sektorialetan parte hartzea”

PSE-EErekin akordioa

Hala ere, udal gobernuak zehaztu du dagoeneko diru-partidak batzuk nora bideratu, akordioa erdietsi baitu PSE-EErekin, alderdi horren hainbat proposamen aurrekontuan txertatzeko. Guztira 404.260 eurotan baloratutako partidak proposatu ditu alderdi sozialistak, Gaztelekura, kultur programetara edota patio inklusiboetara diru gehiago bideratzeko, besteak beste. 

Akordioarekin pozik azaldu zen Loli Muriel zinegotzi sozialista atzoko plenoan, udal gobernuaren “borondate onaren erakusle” dela aitortuta. Hala ere, nabarmendu zuen hori “lehen urratsa” baino ez dela “konfiantza berreskuratzera bidean”. Horri lotuta, PSE-EEko kideak salatu zuen Tokiko Gobernu Batzordean parte hartzeko betoa ezarri zitzaiola, “Omniak proposatuta eta EH Bilduk onartuta”. Gauzak hala, Murielek uko egin zion aurrekontuen alde bozkatzeari, abstentzioaren alde eginez. 

EAJren kritikak

Alderdi jeltzaleak, bere aldetik, aurkako botoa eman zien aurrekontuei. Ander Larrinaga zinegotziak azaldu zuen botoaren zentzua. Bere ustez, plangintza ekonomikoaren onarpena “tramite hutsa” bilakatu du udal gobernuak, taldeen arteko eztabaida ekidinez. 

Horrez gain, aurrekontuetan inbertsiorik jaso ez izana ere deitoratu dute jeltzaleek, plenoaren ostean komunikabideetara bidalitako prentsa ohar batean: “Oso ondo dago esatea a posteriori irekiko den eztabaida dela. Baina ez ditzagun herritarrak engainatu; eztabaida hori martxoan hasteak ondorio argia du: onarpenaren, jendaurrean jartzearen, alegazioak ebaztearen eta ondorengo kontratazio-prozeduren artean ezin izango da inbertsio garrantzitsurik egin datorren urtera arte”. 

Gainera, EAJk nabarmendu du handitu egin dela gobernu taldeko zinegotzien dietetara bideratutako diru-partida: "2020an 137.000 euroko gastua egin zen kontzeptu horretan, eta aurten ia 162.000 eurokoa izan da". 

Jeltzaleen kritikei plenoan bertan erantzun zien Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak. Aurrekontuak egiteko modu berriaren defentsa egin zuen EH Bilduko zinegotziak, eta ziurtatu zuen oposizioko taldeek aukera izan dutela ekarpenak egiteko, PSE-EE jarriz horren adibide moduan. 

Hemen ikusi daiteke atzoko bilkura osorik:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide