UZTAI LARGATXA

“Hego Amerikatik Estatu Batuetarako bidea hasi duten etorkinak artatzen ditugu”

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mar. 5a, 08:17
Uztai Largatxa, Costa Ricako mediku lantaldearekin, Panamako mugan lanean. / Aiaraldea.eus

UZTAI LARGATXA (Laudio, 1993) familia eta komunitate arretako mediku izateko formakuntza garatzen ari da Costa Rican, Pablo Ortiz medikuaren gidaritzapean.

Zerk eraman zaitu Costa Ricara? Zenbat denborarako?

Otsaila hasieran etorri ginen beste hiru lankide eta laurok San Vitora (Coto Brus) Costa Ricako hegoaldeko herri batera, Panamako mugatik hurbil. Familia eta komunitate arretako mediku izateko formakuntza amaitzear gaude eta, horren baitan, bi hilabeteko egonaldia lotu dugu Pablo Ortiz medikuaren babespean, bertako erreferente sanitario zein komunitarioa.

Nolakoa da zure egunerokoa bertan? 

Batetik, errekurtso komunitarioak lantze aldera, inguru honetako herri nomadak artatzeko hainbat proiektu ezagutu eta hauetan parte hartzeko aukera dugu, ahalik eta osasun-arreta eta hezkuntza onena izan dezaten, euren kultura eta bizimoduan kalte egin barik. Bestetik, Hego Amerikatik Estatu Batuetarako bidea hasi duten etorkinak artatzen ditugu mugako zentroetan, aspektu fisiko zein mentalean.

Oso desberdina da bertako osasun sistema? 

Costa Ricak osasun sistema ona du inguruko herriladeekin alderatuta, eta, zentzu batean, gurearekiko antzekotasunak ditu; gizarte segurantzak ahalbidetutako osasun-arreta publiko, doako eta unibertsala eskaintzen baitu, lehen arretan oinarritutakoa. Hala ere, ez dago esan beharrik hori gauzatzeko baliabide material, humano zein ekonomikoak ez direla berdinak. Itxaron-zerrendak oso luzeak dira eta, orografia zein lurreko komunikazio eskasak medio, arreta jasotzea zailagoa da. Bestalde, soziologia ere ezberdina da herrialdean bertan.

Iparraldea okzidentalagoa bada ere, hegoaldean Panama eta Costa Rica artean bizi diren Ngäbere familia asko daude, kafe-uzta garaiaren arabera, batetik bestera mugitzen direnak. Osasun sistema publikotik at egon diren pertsonak izan dira hamarkada askotan zehar, Pablo Ortizek kontakturako hainbat proiektu martxan jarri zituen arte, eskualdeko lehen arretako zuzendaria zela. Hala, euren erreferente eta lotura komunitarioa bihurtu zen.

Nolakoa da egoera Costa Rica eta Panama arteko mugan?

Artatzen ditugun etorkinak Colombia eta Panama banatzen dituen muga naturala oinez gurutzatzetik datoz, Darien oihana, etorkizun hobe baten bila, mafiek kudeatutako bideetan zehar iparraldera jotzen dutenak. Ume, gazte eta helduak; haurdunak eta jaioberriak; bakarrik, familian ala lagunartean. Biderako eramaten dituzten diru eta ondasunak lapurtzen dizkiete gizon armatuek, bahitu eta jipoitzen dituzte, ume zein emakumeak bortxatzen dituzte, tiroz zein labankadez erailtzen dituzte. Mafiek, militarrek, ezezagunek. Hori gutxi balitz, oihanak berezko dituen ibai korronteei, bide maldatsuei, harrizko hormei aurre egin behar diete.

Zoritxarrez, guztiek ez dute Panamara iristea lortzen. Eta iristen direnek Nicaragua eta Mexico dituzte aurretik oraindik, heriotzez beteriko bidaia batean. Zentzu horretan, azpimarratu nahi dut Hands 4 Health bezalako GKEk eskaintzen duten arreta. Ez da konponbidea, ez da behar lukeena, baina hori da pertsona horiek eskura duten arreta bakarra.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide