Haur eta nerabeekin lotutako edozein arlotako eragileei zuzendutako saio hau datorren 9an izango da, 10:30etik 13:30era Kasinoan.
Laudioko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak, Oinherri elkartearekin elkarlanean, lan-jardunaldi bat antolatu du "Herri Hezitzaileen Sarea" aurkezteko, eta Laudio mailan haur eta nerabeen hezkuntza eta aisialdiko eragile guztiekin parte-hartze integraleko eredu honen inguruko hausnarketa sustatzeko.
Topaketa Lamuza parkeko Kasinoan izango da, 10:30etik 13:30era. Programa hasteko, Oinherri elkarteko dinamizatzaile Maite Azpiazuk "Herri Hezitaileen Sarea" ekimenaren aurkezpena eskainiko du eta jarraian herri hezitzaileen filosofiaren oinarri diren printzipioen inguruko dinamika parte-hartzailea proposatuko da.
Saioaren bigarren zatia 12:00etan hasiko da, eta Laudioko errealitatearen ikuspegitik gaiari hurbilago helduko zaio mahai-inguru batekin. Maite Azpiazuk bultzatutako hausnarketara Aritz Lili, hezkuntza ez-formaleko langilea, Maider Arana, EOOG bateko gurasoen ordezkaria eta Haur Hezkuntzako irakaslea, eta Txetxu Urkijo, ikastetxeko zuzendaria eta Lehen Hezkuntzako irakaslea, batuko dira.
Mahai-inguruan hasitako hausnarketa bertaratutakoei helaraziko zaie ere, guztion artean Laudioko haur eta nerabeen hezkuntza- eta aisialdi-arloari buruzko diagnostiko partekatua sustatzeko. Helburua hezkuntza formaleko ahalik eta gizarte-eragile gehienen inplikazioa sustatzea izango da, baita ikastetxeena, guraso-elkarteena, irakaskuntzako profesionalena eta ikasleena, eta hezkuntza ez-formalarena ere: haurren eta gazteen aisialdiko erakundeena, kultura- eta kirol- taldeena, gizarte-ekintzako elkarteena, etab. Jardunaldian gaian interesa duen edonork parte hartu ahal izango du.