EAJk gogor kritikatu du asteburuan udal liburutegiko ikasgela zerbitzua bertan behera geratu izana

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 5a, 14:30

Laudioko udal liburutegia, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Jeltzaleen aburuz, gertatutakoak ez du hezkuntzarekiko eta kulturarekiko konpromisorik adierazten udal gobernu taldearen aldetik.

Laudioko EAJk oharra zabaldu du salatzeko asteburuan Udalak ez zuela ikasgela zerbitzurik eskaini liburutegian. "Tamalgarria da Gobernu taldeak liburutegiko ikasgelak ixtea erabaki izana ikasleentzat hain garrantzitsua den une batean, aldez aurretik abisatu gabe eta horrek herritarrengan izango lukeen eragina kontuan hartu gabe", adierazi du Ander Añibarrok.

Jeltzaleen bozeramaileak aipatu du bera alkate izan zenean abiatu zutela zerbitzu hori eta oso erabilia dela. Halaber, kritikatu du Aste Santuan ere itxita egongo dela.

"Hori al da gobernuak hainbeste predikatzen eta predikatzen zuen Laudioko aldaketaren babes handia gure bizilagunen kulturari eta hezkuntzari?", galdetu du opozisioko zinegotziak, "ikasleei ikastera une erabakigarri batean joatea eragozteaz gain, urte askotatik herrian eskaintzen den larunbat goizetako liburuen mailegu-zerbitzua ere kendu egiten dute".

Berez, ostiralean argitaratu zuen Laudioko Udalak bere sare sozialetan ez zela ikasgela zerbitzurik egongo asteburuan. Halaber, aipatu zuen espero zuela asteburu honetarako arazoa konponduta egotea eta barkamenak eskatu zituen sortutako eragozpenengatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide