Puntako pilota partidak egongo dira asteburuan Aretako frontoian: Master Laboral Kutxa eta Euskal Herriko Kluben Txapelketa

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 8a, 07:00

Amaia Aldai txapeldunak jokatuko du Aretan. / Begitu.eus

Master Laboral Kutxa txapelketan hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dira eta Euskal Herriko Kluben arteko Txapelketan, aldiz, finalak jokatuko dituzte.

Asteburu bizia izango du Aretako frontoiak. Izan ere, gaur 19:00etan Euskal Herriko Kluben arteko finalak egongo dira jokoan. Jaialdia hiru partidak osatuko dute eta binakakoak izango dira guztiak.

Kadete kategorian Lapke eta Larraun arituko dira nor baino nor. Gazteen artean Upo Mendi eta Intxaurre izango dira aurrez aurre eta Oiarpe eta Oberena B izango dira finalistak 22 urtez azpikoen kategorian.

Master Laboral Kutxa

Igandean 17:30ean, aldiz, Euskal Herriko emakume pilotari onenetako batzuek hartuko dute kantxa. Berez, Master Laboral Kutxa Binakako Txapelketako 3. eta 4. postuak banatzeko partida jokatuko dute. Aurrez aurre izango dira Aldai-Bergara eta Beitia-Mendizabal.

Amaia Aldai (Dima, 24 urte) azken 3 urteetako (2021, 2022 eta 2023ko) lau t’erdi txapelketako irabazlea izan da. Berarekin egongo da Arrate Bergara (Tutera, 23 urte).

Euren aurkariak Olatz Beitia (Lekeitio, 21 urte, 2023ko Master Kaiolan txapelduna) eta Nora Mendizabal (Andoain, 20 urte, iazko Master Laboral Kutxako azpitxapelduna) izango dira.

Norgehiagoka hori baino lehen, Herriaren Pilota Elkarteko aurrebenjaminen partida egingo dute: Sare Albiñarratek eta Argia Ouedraogok Gasteizko bi nesken aurka jokatuko dute eta, gainera, pilota mistoko gazteen beste partida bat egongo da.

Doakoak izango dira partidu guztiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide