Laudio Institutuko ikasleak harremanetan daude jadanik Südtirolgo hizkuntza anitzekin eta historiarekin

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 12a, 07:20

Erasmus+ programan parte hartzen ari diren ikasleak buru-belarri sartu ziren atzo Südtirolgo errealitatean; historian, ohituretan, hizkuntzetan eta paisaian.

Atzo egun bizia izan zuten Laudio Institutuko ikasleek Südtirolen. Giro eguzkitsuarekin Schlanderseko School Sprachengymnasium ezagutzera joan ziren eta zuzendariak diskurtso txikia eskaini ondoren, lau tailerretan banatu zituzten bertako ohiturak, historia, abestiak, dantzak, karta jolasak... ezagutu eta ikasteko.

Talde batean bertako janaria sukaldatu zuten eta beste batean, adibidez, bertako hiru hizkuntzetan oinarrizko elkarrizketa txikiak izan zituzten (tokiko dialektoan, alemaniarrez eta italiarrez).

Ikasle bakoitzak bere harrera familiarekin bazkaldu ostean, ibilaldia egin zuten. Paseo horretan St Agidius ikustera joan ziren, haitz baten gainean dagoen XIV. mendeko baseliza.

Handik, haran osoa ikusi eta pasaia paregabeaz gozatu zuten. Tokia Kortsch herrian dago, Val Venosta bailararen bihotzean. Han ikasleei fitxa batzuk eman zizkieten galdera batzuen erantzunak topatzeko.

Galdera horien artean bazegoen bat duela aste pare jarraitutako tradizioari buruzkoa. Hain zuzen, suaren bitartez, negua aldentzen saiatzen dira eta eguraldi ona erakartzen. Horretaz aparte, herriko pertsonen izenak airera oihukatzen dituzte eta gurari onak eskatzen dituzte.

Amaitzeko, Schlandersera itzuli ziren eta familiekin bolatokira jo zuten.

Argazkiak: Laudio Institutua

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide