Erasmus+ ekimen europarrean parte hartzen ari diren Laudio BHIko ikasleek egun bizia izan zuten atzo ere. Hasteko, Schlanderseko ikasle arruntak izango balira bezala, ikastetxera jo zuten eta lau tailer izan zituzten han: South Tyrol inguruko aurkezpenak, bertoko hizkuntza eta jokoak lantzea, sukaldatzea eta Schlanderseko eliza nagusiaren dorrea barrutik ezagutzea.
11:30ean Bolzanora joan ziren trenez eta pare bat ordu izan zituzten hirian paseatzeko. Ondoren, garaipen monumentuan batu ziren. Eurek azaldu dutenez, "inguruko aleman hiztunen artean tentsio ugari sortu dituen monumentua da hori, Mussolinik Austriako eremua bereganatzean eraiki baitzuen".
Arkeologia museoan ere egon ziren eta Ötzi-ren historia ezagutu zuten. 1991n mendizale talde batek topatu zuen 5.000 urte dituen momia. Gizaki horrek gezi baten zauria zuen eta izoztuta hil egin zen. Horri esker, primerako egoeran mantendu da eta kobre garaiko informazio asko eskuratu ahal izan zuten ikasleek.
Bisita amaituta, izozki bat jan, trena hartu eta Schlandersera itzuli ziren Laudioko gazteak.
Argazkiak: Laudio Institutua