Etxera itzuli dira Erasmus+ programan parte hartu duten ikasleak

Erredakzioa 2024ko mar. 18a, 16:20

Larunbata izan zen Schlandersen igaro zuten azken eguna, atzo Euskal Herrira bueltatu baitziren Laudio Institutuko ikasleak.

Larunbatean egonaldiaren azken eguna zukutu zuten Laudio Institutuko ikasleek eta, lehenik eta behin, Schlanderseko sagar kooperatiba bisitatu zuten. Bertan ekoizpen prosezu osoa jarraitu zuten bertatik bertara. Izan ere, sagarrak inguruko ekonomian garrantzi handia dauka eta munduko hainbat lekutara esportatzen dituzte. 

Gero, 700 metroko altueratik 1.500 metrora igo ziren trena eta autobusa baliatuta. Eguneko lehen geldialdia Reschen izan zuten. Austriako mugaren ondoan dago udalerri hori eta bertan Etsch ibaiaren iturburua ikusi zuten. Ibai hori Italiako bigarren luzeena da, 409 kilometro baititu Mediterranear itsasoraino. 

Gero, bihurgunez beteriko ibilbidearekin jarraitu zuten, baina elurra zapaltzea izan zen trukean jaso zuten saria.

Jaistean, geldialdi txikia egin zuten Graun herrian. Bertan, dorreliza bat dago aintzira baten erdian. Azaldu zietenez, antzina herri bat zegoen gaur lakua dagoen tokian eta urtegia eraiki zutenean, herria hondatu eta urpean geratu zen. Salbuespen bakarra, XIV. mendeko elizaren kanpai-dorrea izan zen, uretatik kanpo ikus daitekeen eraikina, alegia. Egun, bisitarientzako turismo lekua bilakatu dute. Berez, Graun herri berria lakuaren ertzean berreraiki zuten, eta uraren maila jaisten denean, antzinako herriaren hondakinak ikus daitezke.

Geldialdi horren ondoren, Glurns (italieraz Glorenza) erdi aroko herrira jo zuten. Harrizko harresi sendo batez inguratuta dago eta atzetik eskailera batzuk dituenez, bertara igo eta paisaiaz gozatu zuten. Behin barruan, erdi aroko kaleak zeharkatu eta etxeen dekorazio berezia ikusi zuten. 

Azkenik, eguna bukatzeko, bedarretatik eta behi, txahal, oilo, katu eta sagarrondoz betetako belarditik kilometro eta erdira dagoen pizzeria batera joan ziren eta azken afaria izan zuten bertan ikasleek, euren hostatu lagunekin. Jatetxea uztean, ikasleak euren kide berriekin geratu ziren azken orduak elkarrekin egon eta plan txiki bat egiteko.

Argazkiak: Laudio Institutua

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide