Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako eguneko zentroa 2025erako egongo da prest

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mar. 19a, 19:00
Almi akademia zegoen eraikinean egongo da eguneko zentroa. / Aiaraldea.eus

Arabako Foru Aldundiak Ostegieta plazako eraikin bat erosi berri du, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako baliabideak sortzeko. Eguneko zentroa eta etxebizitzak 2025erako egongo dira prest.

Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako zentro berriak 2025ean irekiko ditu ateak Laudion. Horrela azaldu berri du Arabako Foru Aldundiak, azpiegitura berria hartuko duen eraikinaren erosketa iragarri ostean. Foru gobernuak 1.990.413 euroren truke adjudikatu du Ostegieta plazako 7. zenbakian dagoen higiezinaren erosketa. Zenbaki berdinean zegoen kokatuta aspaldi Almi akademia ezaguna.

Erosketaren zatirik handiena Europako Next Generation Funtsen bidez finantzatu du Arabako Foru Aldundiak Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Salerosketa Aiaralderako Berehalako Jarduera Planaren barruan ere dago jasoa. Behin erosketa prozesua gauzatuta, zortzi hilabeteko epean egokituko ditu enpresa adjudikatzaileak eguneko zentroa eta etxebizitzak.

Eguneko zentroa

Eraikinaren behe eta lehenengo solairuetan desgaitasuna duten eskualdeko pertsonentzako eguneko zentroa egokituko dute. Foru Aldundiak iragarritakoaren arabera, espazioak 432 metro koadroko azalera izango du, eta bertan gimnasioa, errehabilitazio gela, estimulazio multisentsorialeko gela, egongela, sukaldea eta jangela egokituko dituzte.

Eskualdean dagoen gisa honetako baliabide bakarra izanik, desgaitasun intelektuala duten Aiaraldeko 400 lagunek erabili ahalko dute espazioa, eta Latiorron dagoen Lantze zentro okupazionalarekin osagarrituko da baliabidea.

Etxebizitzak

Eraikin erosi berriko bigarren eta hirugarren solairuetan desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako etxebizitza-lagunduak ekipatuko dituzte. Eraikin bakoitzak zortzi lagunentzako etxebizitza bana izango du, 504 metro koadro guztira.

Baliabide berri hau eskualdean dagoeneko funtzionamenduan dauden eta Apdemak kudeatutako gainerako bi etxebizitza lagunduak osagarrituko ditu. Izan ere, azken bi etxebizitza hauek aspalditik daude beteta.

Almi akademia

Azpiegitura berriak Almi akademia zaharra ordezkatu egingo du. 1994 eta 2008 urteen artean egon zen funtzionamenduan heziketa zentroa. Bertan ingeles eskolak, lanbide heziketa graduak edota haur hezkuntzako zikloak eskaintzen ziren. Erakina propio eraiki zuten akademiako azpiegiturentzako, eta  birmoldaketa integrala egingo dute orain.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide