Martxoaren 1ean greba egin zuten Laudioko kamioien udal aparkalekuko langileek. Udalarena da azpiegitura hori, eta tokiko erakundeak EYSA enpresari esleitu dio zerbitzuaren kudeaketa. Enpresa horrek, baina, ez ditu baldintza duinak bermatzen, ELAk azaldu duenez.
Soldatarena da kexa nagusia. Sindikatuak nabarmendu duenez, aparkalekuan lan egiten duten beharginek 19.600 euro jasotzen dituzte urteko, legeak ezartzen duen gutxieneko soldata, alegia.
Gainera, beste hainbat aldarri ere jarri dituzte mahai gainean: gauean lan egiteagatik edota jardunaren arriskuagatik diru gehiago ematea edota lanaldia murriztea, besteak beste.
Udalak zerbitzuaren bideragarritasuna aztertu nahi du, ELAren aburuz
Iragan astean bildu ziren langileen ordezkariak Udalarekin, eta kezkatuta atera ziren. Izan ere, tokiko erakundeko ordezkariek hilabeteko epea ematea eskatu zieten, zerbitzuaren bideragarritasuna aztertzeko.
Gauzak hala, ELAko kideek espero dute Udalak soldatak igotzeko hautua hartzea baina, era berean, beldur dira tokiko erakundeak ez ote duen zerbitzua bideragarria ez dela ebatzi eta aparkalekua itxiko.
Hori dela eta, mobilizatzen dihardute beharginek, eta datorren astean bilduko dira hurrengo urratsak zehazteko.
7 langile daude guztira aparkalekuan, txandaka lan egiten, Horietako 4 finkoak dira eta beste hirurek aldi baterako kontratuak dituzte.
Laudioko kamioien parkingeko langilean prekarietate hutsean, SMIa kobratzen: onartezina!@LaudiokoUdala|ri (zerbitzuaren arduradunari) konponbidea eskatzen diogu: 19600€ko soldataz gain, beste hobekuntza batzuk.
— ELA Ibaizabal-Nerbioi (@ELAIbaizNerbioi) March 20, 2024
🛑 Hitzarmen estatalei EZ 🛑
📢Hemen lan egin, hemen negoziatu‼️ pic.twitter.com/m5hAXTmTca