Cake Minuesa eskuin muturreko kazetaria Laudion egon da grabatzen

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 21a, 19:30

Laudio-Palestina plataformako kide batek egindako argazkia, Gazako biktimen monolitoaren alboan. / Aiaraldea.eus

Herritarrek herrigunean ikusi dute, Gazako biktimen monolitoaren eta Laudio Institutu aurrean dagoen LGTBI+ kolektiboaren aldeko muralean grabatzen.

Gaur Laudion aritu da Cake Minuesa eskuin muturreko kazetaria. Eguerdian ikusi dute zenbait lagunek herrigunean, hain zuzen, Gazako biktimak omentzen dituen monolitoaren eta Laudio Institutuaren aurrean dagoen LGTBI+ kolektiboaren aldeko mural baten inguruetan grabatzen.

Herritar horietako batzuk, Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez, eskuin muturrari lotutako gizon ezagunarekin harremanetan jarri dira.

Esaterako, Laudio-Palestina kolektiboko bi kidek (bakoitza bere aldetik) topo egin dute berarekin eta argazki batzuk egin dizkiote monolitoaren alboan zegoen bitartean. Gogoratu beharra dago plataforma horrek sustatu zuela monolitoa eraikitzeko egitasmoa.

Laudioarrak txantxetan

Kazetariaren inguruan elkartu direnez eta ikusita beste herritarrengana jotzen zuela euren adierazpenak lortzeko, plataformako bi kideek txantxak egin dizkiote Minuesari, ea euretako bat elkarrizketatzen animatzen zen iradokitzeko. Minuesak galdetu die ea ez dagoen askatasunik Laudion grabatzeko, orain EH Bilduk gobernatzen duela, eta laudioarrek umorez erantzun diote baietz, bazegoela eta horregatik egin dizkiotela argazki batzuk eurek ere.

Elkarrizketa ez da asko luzatu, laudioarrek euren mandatuak egitera joan behar zirelako, baina agurtzerakoan Minuesari eta bere lankideei egun polita izatea opa egin diote eta horrek kazetariaren amorrua piztu du, zeinek honakoa erantzun dien: "jadanik ez duzue beldurrik ematen", herritarren harridurarako.

Minuesa, eskuin muturreko probokatzailea

Cake Minuesa valentziarrak zuzenbide ikasketak egin bazituen ere, ikus-entzunezkoen esparruan egin da ospetsu. Intereconomia, Telemadrid, El Toro TV edota OK Diarion egin du lan eta bere Youtube kanal propioa ere badauka.

Bere burua komunikatzaile eta umoregiletzat jotzen duen ekoizleak Jordi Evoleren erreportajeen eredua baliatu zuen, nolabait, eskuin muturreko mezuak zabaltzeko, hain zuzen, horrelako mezuak ongi etorriak ez diren testuinguruetan. Euskal Herrian behin baino gehiagotan egon da eta, adibidez, urtarrilean Euskal Preso Politikoen Aldeko manifestazioan agertu zen.

Guardia Zibilak 2019an atxilotu zuen El Valle de los Caídoseko basilikan sartzen saiatu zenean, gobernuak itxi ostean.

Eduardo Inda Amurrion

Aipatu beharra dago ez dela lehen aldia eskuin muturreko kazetariak Aiaraldera etortzen direla. Berez, 2019an Eduardo Inda OK Diarioko zuzendaria ere egon zen, kasu horretan, Amurrion.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide