"Lagun mordoa egin dugu Oloten eta Laudion"

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 27a, 07:30

Olot eta Laudioko gazteak. / Aiaraldea.eus

Jon Mendia, Aner Gonzalez eta Oihana Abezia Laudio Ikastolako gazteek egun batzuk igaro zituzten Oloten hango ikastetxeko lagun batzuekin. Martxoan adiskide kataluniarrak etorri ziren bisitan.

Zuek Oloten egon zarete. Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Aner Gonzalez: Oso ondo pasatu genuen. Asko ibili ginen eta dibertigarria izan zen.

Oihana Abezia: Lagun mordoa egin genuen eta jende berri pilo ezagutu genuen. 

Jon Mendia: Ni ez nintzen inoiz egon Gironan eta oso polita iruditu zitzaidan. Esaterako, ez nuen espero sumendi ugari egotea eta pilo topatu nituen.

A. G.: Nik, aldiz, sumendiei buruz hitz egin genuenez, espero nuen laba egotea, baina ez nuen ikusi.

O. A.: Nik espero nuen txikiagoa izatea, baina leku oso handia zen.

Zein izan zen zuen unerik gogokoena bisitan?

J. M.: Niretzat sumendien bisita. Izugarria izan zen barrutik ikustea eta krater erraldoiak topatzea.

A. G.: Nire kasuan, egindako ginkana, asko ikasi bainuen herriari buruz.

O. A.: Niri asko gustatu zitzaidan sumendiei buruzko museoa, oso interesgarria iruditu zitzaidan. Guztira lau egun egon ginen Oloten, baina bi bidaia izan ziren tartean.

J. M.: Bai, bi egun eta erdi, ze oso goiz joan ginen laugarren egunean.

Oloten zer egin zenuten?

J. M.: Adibidez, Oloteko kanpoaldean sumendien ibilaldia egin genuen. 

O. A.: Bai, beste egun batean Oloteko sumendi garrantzitsu bat ezagutu genuen. 

A. G.: Jonek aipatutako ibilbidean Garrotxako parke naturaleko sumendietan egon ginen. 

Nola antolatu zineten han?

J. M.: Han familiek hartu gintuzten. Joan baino lehen fitxa batzuk bete genituen, azaltzeko zer genuen gustuko, gure izen-abizen eta argazkiekin... Informazio orokor horrekin, Kataluniako gazte batekin jarri gintuzten eta bere familiak hartu gintuen. 

O. A.: Gustuen eta izaeraren arabera osatu zituzten bikoteak. Oso ondo tratatu gintuzten eta oso gustura ibili ginen. 

Orain eurak etorri direnean berdin egin duzue?

A. G.: Bai, bikote bera batu gara. 

O. A.: Oso atseginak dira guztiak eta oso ondo moldatzen gara.

Zer utzi dizue bidaiak?

J. M.: Biologiari eta geologiari buruz asko ikasi dugu, justu sumendiak lantzen ari ginen eta duela gutxi azterketa egin genuen. 

O. A.: Niri kataluniarrez ikasteko eta hitz egiteko balio izan dit. 

A. G.: Nik lagun gehiago egin ditut.

Zer moduz esperientzia laudioarrekin Oloten?

Laia Comas: Bikaina. Jarduera pilo egin genituen elkar ezagutzeko.

Eta zuen bisita Euskal Herrian?

Josep Casanova: Oso gogoko izan dut euskal kultura tradizionala mantendu dela. Oloten zaila da kataluniar kultura ikustea. Hau da, badago, baina ez horrenbeste. 

Etorri baino lehen Laudiori buruzko lana egin zenuten. Uste zenuten modukoa da?

L. C.: Bai, oso antzekoa da.

Zer moduz harrera familiekin?

L. C.: Oso ondo, oso atseginak dira eta pozik gaude trukea egiteagatik. 

Eta hemen nolakoa izaten ari da esperientzia?

J. C.: Toki berriak bisitatzea beti da dibertigarria. Asko ikasten duzu, kultura, ohiturak...

Zer egin zenuten lehen egunean?

L. C.: Ginkana egin genuen Laudion herriari buruz gehiago ezagutzeko eta gero Ikastolara jo genuen. Han euskal dantzen erakustaldia egin ziguten. Berandu heldu ginen eta ez genuen tarte handirik izan.

J. C.: Bilbo bisitatzea oso ondo egon da, Bartzelona ekarri dit gogora. Oso ondo dago.

L. C.: Bai, lehen aldiz egon naiz arte modernoko museo batean eta Guggenheim oso polita da. 

J. C.: Gure kabuz egin dugu lan bat Euskal Herriari buruz eta horrela ikasi dugu ohiturei edo herriei buruz. 

L. C.: Urduñako Museoan iraganeko lanbideak ezagutu ditugu.

Itzuli nahiko zenukete?

L. C.: Bai, egun gutxi izan dira. Oso polita izan da jende berria ezagutzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide