Palestinar Lurraren Eguna ospatzen da martxoaren 30ean. Gaurko egunez 1976an herri palestinarrak greba orokorrera jo zuen Israelgo okupazio-indarren palestinar lurren lapurreta salatzeko. Protesta horretan Israelgo indar armatuek zazpi gazte palestinar hil zituzten.
Efemeride hori baliatu nahi izan du Laudio-Palestina herri ekimenak, Israelek palestinarren aurka darabilen "garbiketa etnikoa" salatzeko. Laudio herriguneko zenbait eskulturatan ekimena egin dute irudiak odoleztatutako zapiekin estalita. Ekintza honekin Israelek mende erdiz eusten dion "kolonizazio eta genozidio" prozesua salatu nahi izan dute herritarrek.
"Gauzak horrela boikoterako deia berretsi egiten dugu Laudio-Palestina taldetik, eta inguruko erakunde publiko eta akademikoei erregimen sionistarekiko harremanak eten ditzatela eskatzen diegu", adierazi dute ekimena publiko plazaratu duten bideoan.
Zehazki, EHUk eta Tel Aviveko Unibertsitateak iragan otsailean sinaturiko akordioak eta zibersegurtasun katedra salatu nahi izan ditu Laudioko elkartasun taldeak. CAF tren enpresa euskaldunak eta Eusko Jaurlaritzak Estatu Sionistarekin sinatutako merkataritza akordioak ere gogor deitoratu dituzte: "Israelek 75 urte daramatza nazioarteko lege guztiak urratzen eta oinarrizko giza eskubide guztiak zapaltzen".
Honakoa ez da Laudio-Palestinak azken hilabeteetan burututako ekintza bakarra izan. Otsailaren 24an ekimen jendetsu eta ikusgarria egin zuten Laudioko Herriko Plazan, Gazako zerrendaren aurkako erasoak salatzeko. Geroztik, Palestinaren aldeko monolitoa dago ikusgai Lamuza Plazan: