Jarduera industrialean diharduten hamazazpi enpresek osatzen dute Laudio Group enpresa elkartea. Gardeako industriaguneko sektore desberdinetako enpresa batzuek elkartzea erabaki zuten duela urte batzuk, bi arrazoi nagusik bultzatuta: industriagunearen degradazioari aurre egiteko eta enpresa txikien arteko elkarlana sustatzeko.
Bost enpresek ekin zioten bideari. “Hasieran oso oinarrizko gauzak lantzen genituen lankidetzan —azaldu du Gorka Agirre Laudio Groupeko zuzendariak—. Landu genuen lehenego gaietako bat zuntz-optikoarena izan zen. Industriagunea Interneterako konexio berririk gabe geratzeko arriskua zegoen orduko hartan, hori dela eta, batzea erabaki genuen”.
Laudioko Udalarekin bilerak egin ostean, zuntz-optikoa Gardeako fabriketaraino sartzea lortu zuten. Aurrekari horri esker elkarlanean ekimen gehiago egin zezaketela ikusi zuten enpresek. “Azken finean helburua hori da: elkarlanean aritu eta sinergiak sortu”.
Proiektu gehiago
Industriaguneko enpresa desberdinen arteko sinergiak bilatzeko lan horretan, proiektu ugaritan murgildu dira azken urteetan. “Berrikuntza tekonolgikoaren arloan lanketa handia egin dugu, Laudio Group osatzen dugun enpresa guztiok batera”, adierazi du Agirrek.
Dirulaguntza eta prestazio desberdinak lortzeko bidean ere, tokiko lantegiei laguntza eskaintzen dien ente-kolaboratiboa ere bada Laudio Group. “Dirulaguntza asko bidean galdu ditugu, hauek kudeatzen ez dakigulako. Elkarteari esker kanpo-finantzazio hori kudeatzeko gaitasuna izan dugu”.
Administrazio Publikoarekin lan egiteko orduan ere, indargunetzat jo dute tokiko enpresen batura. “Eskatu baino, enpresa txikiok ditugun ezinegonak lantzen ditugu erakundeekin. Ditugun beharren inguruan informatzen ditugu. Izan ere, gu Michelin edo Guardian bezalako enpresa handien itzalean gaude beti”, azaldu du Agirrek.
Azkenik, komertzializazioa errazteko estrategia bateratua diseinatu dute Laudio Groupeko enpresen artean. “Batasunak indar gehiago ematen digu —adieraiz du Agirrek—. Enpresa handiekin bilerak egiten ditugu eta Laudio Groupeko zerbitzue eskaintza integrala aurkezten diegu: instalazio elektrikoak, marketina, informatika lanak…”
“Gure asmoa da komunitate energetikoa hazten jarraitzea, eta taldeko enpresa gehiago batzea”
Komunitate Energetikoa
Laudio Groupek garatutako azken egitasmoa jasangarritasun neurriak ezartzea izan da. Alor horretan karbono aztarna kalkulatzeari ekin diote taldeko enpresek, eta Arabako lehenego komunitate energetiko industriala sortu dute.
Abenduan izapidetu zuten ofizialki komunitate energetikoa. “Gaur gaurkoz taldeko bederatzi enpresa gaude izena emanda komunitate energetikoan”.
Hilabete honetan espero du Laudio Groupek Energiaren Euskal Erakundearen oniritzia jasotzea, eta horrekin batera azpiegitura fotovoltaikoaren instalazioari ekitea. Guztira 100kWko potentzia duten bi instalazio jarriko dituzte, eta honezkero eraginkortasun azterketa burutu dute plaka fotovoltaikoak zein gainazaletan jarriko dituzten ebazteko.
Hasiera batean, bederatzi enpresa horien urteko kontsumoaren %20-25 eguzki-plaketatik jasotzea aurreikusten dute. “Gure asmoa da komunitate energetikoa hazten jarraitzea, eta taldeko enpresa gehiago batzea”.