Ekonomia sozial eraldatzaileari buruzko formazio saioa eskainiko dute Olatukoopeko kideek, Aiaraldea Ekintzen Faktoriarekin elkarlanean. Lau saio egingo dituzte guztira Laudioko Industriagunean kokatutako Faktorian, lau ostiral arratsaldetan, 17:00etatik 20:00etara.
Zikloa erabat doakoa izango da eta, aurretik izena eman daitekeen arren (hemen), ez da beharrezkoa izango parte hartzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekonomia sozial eraldatzailearen alde ezberdinak izango dituzte hizpide saioetan, eta ez da aurretiazko ezagutzarik izan beharko parte hartzeko. Nabarmendu dutenez, gaian interesa duen herritar orok parte hartu dezake formazio egitasmoan.
Hauek izango dira saio bakoitzean landuko diren gaiak:
Apirilak 12
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ekarpena lurralde garapen ekonomiko eta komunitarioari
- Garapen neoliberala vs. Eraldatzailea
- Zer dira ekonomia eraldatzailea(k)
- Kooperatibismoa eta lanaren burujabetza (autoeraketa)
- Kooperatibismo komunitarioa
- Ekonomia Feminista eta Zaintzen Ekonomia
- Herri Kooperatiben aurkezpena
Maiatzak 3
Ziklo ekonomiko osoaren eraldaketa: Burujabetza materialak
- Ekoizpena (elikagaiak, energia, ura...)
- Kontsumoa eta distribuzioa.
- Finantzak
- Etxebizitza
- Jabetza kolektiboa.
Maiatzak 31
Komunitatearen lanketa eta interkooperaziorako gakoak
- Komunitatearen garrantzia.
- Komunitatearen lanketa.
- Interkooperazioa. Zer da? Zein motatakoa?
- Elkarlan publiko-kooperatibo-komunitarioa.
- Udalgintza eraldatzailerako aukerak.
Ekainak 14
Iraunkortasun ekonomiko eta teknikorako gakoak
- Inbertsioen finantzaziorako aukerak eta moduak.
- Ezagutza juridiko-teknikoa, bai proiektuetan, bai administrazioan.
Ekonomia sozial eraldatzailea oinarri duten kooperatiba eta bestelako erakundeek sarea da Olatukoop. 2014an eratu zen, eta "olatu kooperatino berri bat" sortzea du helburu. Horretara bideratuta daude, hain zuzen, Faktorian eskainiko dutenaren tankerako zikloak.