Aztiker enpresaren bitartez, Laudioko Udalak inkesta zabala egin du herritarren iritzia ezagutzeko udalerriari berari buruz. Guztira, 398 lagunen iritzia jaso dute eta Laudio bera izan da galdetegien ardatza.
Ainize Gastaka alkateak azaldu du horrelako inkestak noizero egitea interesgarria litzatekeela, laudioarrek udalerriari buruz duten pertzepzioa ezagutzeko eta urteen poderioz nola aldatu den ikusteko. Edonola ere, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren eztabaidarekin harilkatu dute galdetegia. Izan ere, eztabaidarako lehen zirriborroa uda baino lehen egotea espero du udal gobernu taldeak.
Alvaro Barrios zinegotziak argitu du, gutxi gorabehera, herritarrek berretsi dutela udalbatzetan landutako gaien garrantzia, baina orain badutela bermea laudioarrek kezkak partekatzen dituztela.
Inkesta probabilistikoa
Aztiker enpresako ordezkariek eurek mahai gainean jarri dute inkesta hauek (gehienbat telefono bidezkoak izan direnak, baina baita aurrez aurrekoak eta telematikoak ere) laudioarren errealitate demografikoan oinarrituta daudela.
Horrela, auzoka banatu dituzte elkarrizketatuak. Protagonismo gehien izan dutenak herrigunekoak izan dira (%45,3), baina bestelako auzuneek ere ordezkariak izan dituzte ikerketan: Latiorro %19,8, Ugarte %10,5, Arraño %2,6, Areta %6,8...
Adina, euskara jakintza eta generoari dagokienez, horrela banatu dira laudioarrak:
Inkestez gain, banakako eta taldeko 21 elkarrizketa egin dira udalerriko hainbat eragilerekin (udaleko teknikariak, talde politikoak, auzoetako ordezkariak, kultura-eragileak, gizarte-eragileak, merkatariak...). Horrez gain, 5 foro tematiko ere egin dira.
Azkeneko hauetan 23 pertsonak hartu dute parte hainbat udal-eremu jorratzeko: Askotariko emakumeak.
- Sozio-ekonomia.
- Kultura-kirola eta hezkuntza
- Hirigintza-ondarea eta ingurumena
- Gizarte-eremua
Solasaldi horien balioa kualitatiboa izan da eta ez horrenbeste kopuruari lotutakoa. Berez, Aztiker enpresak baino, Hiritik At! kooperatibak baliatu du informazio hori HAPOren prozesuaren barruan.
Ondorio nagusiak
Hasteko, galdetutakoen %80a pozik agertu da herriak eskaintzen dituen zerbitzuen gertutasunarekin. Izan ere, 10eko eskala batetan baloratuta, 7,5eko gogobetetze-maila dute udalerriarekin.
Etxebizitzari dagokionez, inkesten emaitzek erakusten dute laudioarren %90ak etxebizitza-eredu berri baten alde egin nahi duela, gazteen emantzipaziora, etxebizitza komunitarioak sortzera, edota belaunaldi arteko etxebizitza ereduetara bideratuta.
Laudioarren %90ak etxebizitza eredu berri baten aldeko iritzia dauka
Halaber, inkestatutako pertsonen %78a ados dago udalerrian hutsik dauden etxebizitzen alokairua sustatuko duten politikak bultzatzearekin. Horrez gain, Gardea auzoa ikusten dute etxebizitza berriak eraikitzeko "kokalekurik onena" bezala, eta haren atzetik daude zentroa, Latiorro eta Areta.
Mugikortasuna eta tokiko ekonomia
Mugikortasun alorrean, Zumalakarregi, Areta eta Ugarte kaleetako trafikoa murriztu behar den edo ez galdetu zaie herritarrei, eta %57a bakarrik agertu da horren alde. Ehuneko horrek berak ere ondo deritzo Zumalakarregi etorbidearen eta Nerbioi kalearen artean dauden hiru kaleak (Zubiaur, Ibaizabal eta Ezka) oinezkoentzat bihurtzeari.
Trafikoa murrizteko neurriek ez dute adostasuna lortzen, baina bai oztopo arkitektonikoak kentzearen aldekoek
Laudioarren %97a ados agertu da oztopo arkitektonikoak gainditzearekin eta udalerri osoko irisgarritasuna hobetzearekin, pasealeku gehiago sortuz eta eraikin publikoetarako sarbide seguruak eraikiz; lehentasunezkotzat eta beharrezkotzat jotzen den neurria baita. Horrez gain, azpimarratzekoa da %64,9ak hiri-garraioko zerbitzu baten alde egiten duela, 45 eta 64 urte bitartekoek batez ere.
Merkataritzari eta lehen sektoreari dagokienez, Areta, Ugarte eta Gardeako herriguneetan bizi diren inkestatuen %42ak uste du "gutxi" direla etxetik gertu dituzten saltokiak. Hala ere, %94ak ziurtatu du Laudion egiten dituela eguneroko oinarrizko erosketak. Zentzu horretan, ostegunetako merkatuak oso balorazio positiboa izan du, inkestatuen %80ak uste du bere kokapena zuzena dela eta %70 baino gehiagok bertan egiten ditu erosketak.
Ingurumena eta kultura
Laudiok ere argi dauka energia berriztagarrien aldeko apustua. Eguzki-plaken kasuan, 10 pertsonatik 9k oso modu positiboan baloratzen du sistema hori
teilatuetan instalatzea eta eguzki-plaken parke bat bultzatzea. Mendietan parke eolikoak ezartzea, aldiz, ez da hain erakargarria suertatu laudioarrentzat.
Nolanahi ere, % 95ak uste du funtsezkoa dela herriko paisaia eta ondare naturala zaintzea, baita kultura-ondarea ere.
Kultura arloan, herritarrek Laudioko urte osoko jaiak zaintzearen eta babestearen alde egiten dute, bai eta elkarteen eta eragileen arteko harremana sendotzearen alde ere, horretarako gune bat sortuz.