Operazio zabala egin zuen Ertzaintzak atzo Laudion, arratsaldeko azken ordutik goizaldeko ordu txikietara arte luzatu zena. Brigada Mugikorreko bost furgoneta abiatu ziren 20:30ak aldera Laudioko komisaldegitik, eta tren eta autobus geltokietara jo zuten.
Lekukoek Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi diotenez, trenez zetorren jendea identifikatu eta miatzen aritu ziren poliziak. Antzeko egoera bizi izan zen Zumalakarregi etorbideko autobus geltokian. Bertan, agenteek lau gazte (guztiak arrazializatuak) atzeman zituzten, eta paretaren aurka izan zituzten denbora tarte batez.
Gaueko azken trena Laudiora iritsi ostean, zeuden tokietatik mugitu ziren Brigada Mugikorreko kideak. Gaueko ordubiak aldera, aldiz, berriz itzuli ziren herrigunera, eta beste hainbat gazte identifikatu eta miatu zituzten bertan. Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez, 3:30ak arte luzatu zen operazioa gutxienez.
Poliziak ziurtatu du, hainbat pertsona identifikatu eta miatu zituzten arren, ez zela inolako atxiloturik egon gau osoan zehar. Are gehiago, miatutako pertsonei ez zieten legez kanpoko inolako objekturik topatu.
“700 latindarren” zurrumurrua, ezerezean
Atzo bertan audio bat bolo-bolo zabaldu zen WhatsApp sare sozialaren bidez. Bertan esaten zen poliziak aurreikusten zuela Laudion “bi banda ezberdinetako 700 latindar” bilduko zirela arratsaldeko zortzietatik aurrera, tren geltokiaren eta Laudioko jai-areto baten artean, elkarren artean borrokatzeko. Audio horren arabera, poliziak “errefortzu berezi bat” jarri zuen egoerari aurre egiteko.
Atzo benetan gertatutakoa, aldiz, oso bestelakoa izan zen. Aiaraldea Komunikabidea Ertzaintzarekin jarri da harremanetan horri buruz galdetzeko. Poliziaren prentsa bulegoko kideek ziurtatu dute, hainbat pertsona identifikatu eta miatu zituzten arren, ez zela inolako atxiloturik egon gau osoan zehar. Are gehiago, miatutako pertsonei ez zieten legez kanpoko inolako objekturik topatu eta, ondorioz, ez zieten isunik ezarri.
Ertzaintzaren hitzetan, “prebentzio operazioa” izan zen atzokoa, “futbol partidetan edo horrelako bestelako ekitaldietan” egiten direnen modukoa. Poliziaren aburuz, horretara bideratuak egon ziren gauean zehar eginiko miaketa guztiak, jendeak armak edo bestelako objektu arriskutsurik zuen ikustera. Hala ere, aipatu bezala, ez zuten mota horretako inolako konturik topatu.
Poliziak ez du zehazki esan zerk motibatu zuen atzoko operazioa, baina prentsa bulegotik aipatu dute Laudion bazegoela “rap ekitaldi bat”, eta horren inguruetan muntatu zutela prebentzio esku-hartzea. Hain zuzen, Laudioko bi taberna-aretoetan zeuden rap kontzertuak atzo gauean, eta horietako baten inguruan egin zituzten gaueko identifikazio eta miaketak poliziek.
Identifikatu eta miatutako gehienak, gazte arrazializatuak
Aiaraldea Komunikabideak Laudiora zihoan azken trena hartu zuten herritar batzuekin hitz egin du. Hauen hitzetan, poliziak Abandon ere jarri zuen kontrola. Laudiora iristean, aldiz, iragazkia jarri zuten geltokitik ateratzeko eskaileretan, eta hainbat gazte atxiki zituzten bertan, “gehienak gizon arrazializatuak”.
Urduñan, bi atxilotu eta hainbat zauritu
Urduñan ere esku hartzea egin du Ertzaintzak gaur goizaldean, oso bestelako arrazoi bat medio (lokal bateko zarata). Bi pertsona atxilotu eta beste 22 identifikatu dituzte poliziek bertan.