Erabakitzeko gaitasuna berea dela aldarrikatu du PSE-EEk Laudion

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 16a, 14:45

Jorge Juez laudioarra, Aroa Jilete Arabako zerrendaburua eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburua Aldai plazan egon dira gaur sozialisten proiektua azaltzen.

Hauteskunde ekitaldia egin du PSE-EEk Laudion gaur eguerdian. Jorge Juez laudioarrak hartu du hitza lehenbizi, eta Espainiako Kongresuan PSOE bozkatu zuten 2.500 laudioarrei eskatu die berriro konfiantza ematea alderdiari, boza erabilgarria izango dela argudiatuta.

Hain zuzen, bi ideia azpimarratu dituzte Jorge Juezek zein Aroa Jilete Arabako zerrendaburuak eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburuak (azken hau bigarrena zerrenda arabarretan). Alde batetik, nabarmendu dute euren aldeko bozka dela eraginkorrena. "Europako, Espainiako eta Euskadiko erakundeetan gaudenak gara, erabakiak guk hartzen ditugu", aldarrikatu du Javier Hurtadok.

Ildo horretatik, Aroa Jiletek defendatu du sozialisten gobernantza eredua dela edozein koloreko alderdiekin akordioak lortzea: "Guk ez dugu galtzen denbora eztabaida identitarioan, guk herritarren ongizatean pentsatzen dugu".

Politikari guztiak ez dira berdinak

Halaber, errepikatu duten beste ideia da politikari guztiak ez direla berdinak. "Ez da gauza bera Azoreseko argazkian parte hartu zuena eta Irakeko gerran sartu gintuena eta Palestinako Estatuaren aitortza lideratzen duena", azaldu du Hurtadok.

Jiletek ere ideia hori defendatu du: "Ez da gauza bera proiektu aurrerakoia eta pertsonengan pentsatzen duena, sozialistena bezala, edo eskuinarena, eskubideak pribatizatu eta murriztu nahi dituena. Edo, beste aldetik, nazionalistena, denbora alferrik galtzen dutenak autogobernu gehiago eskatuz, kudeatu ordez".

Jorge Juezek, bere aldetik, goraipatu du Loli Murielek Laudioko Udalean edota Cristina Gonzalezek eta Ana del Valek Foru Aldundian lortutako dirua herriko azpiegiturak edo gizarte ongizate zerbitzuak bultzatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide