Aretako Eguna antolatu dute bertako bizilagunek larunbat honetarako, apirilak 20. "Auzokideak elkartzea eta garai batean Aretak zuen herri-izaera indartsua aldarrikatzea" dira hitzorduko helburu nagusiak, Unai Llano bizilagunak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez. Horretarako, egun osoko egitarau oparoa prestatu dute, Aretako elkarte eta norbanako ugariren laguntzari esker.
"Herritik eta herriarentzat"
"Honakoa herritik eta herriarentzat antolatutako ekitaldia da", aldarrikatu du Llanok. Aretako bizilagunen artean aspalditik zegoen horrelako egun bat antolatzeko nahia, Kultur Etxearen itxieraz geroztik bereziki. "Kultur Etxea eta bertako taberna erreferentziazko elkargunea izan dira Aretako bizilagunontzat urte luzez, eta honen itxierarekin batera herritarron arteko harremanak apaldu egin direla ikusi dugu", azaldu du Llanok.
Aretako bizilagunentzako egun bat antolatzearen ideia pandemia aurretik zuten mahai gainean, baina 2020az geroztik alde batera utzi behar izan zuten asmoa. 2023ko abenduan ideia horren bueltan elkartzeari ekin zioten berriro. Asanbladak egin dituzte hilabetez hilabete, eta lan guzti horren emaitza izango da larunbatean aurkeztuko dutena. "Ekitaldi herrikoi bat da funtsean, Aretari bizia ematea helburu duena".
Egitarau anitza, herritar ororentzako
Goizetik gauera luzatuko da apirilaren 20ko Aretako Eguna. Unai Llanok egitarauaren aniztasuna nabarmendu du: "Adin eta gustu guztientzako ekintzak bildu ditugu. Eguna bera antolatzeko asanbladak oso anitzak izan dira, eta horren isla da larunbateko egitaraua. Oso programa polita geratu da". Kultur Etxea izango da egitarauaren epizentroa, baina herriko beste zenbait txokotan ere antolatuko dituzte ekintzak.
Eguneko ekintza "solemne" eta deigarriena 13:00etan egingo dute: banderaren igoera. Haga instalatu dute Aretako Eskolako aparkalekuan, eta bertan eskegiko dute bandera zuri-gorria, jai-eguna behin igarota ere bertan jarrai dezan. Bandera igo ostean parrillada-herrikoi ibiltaria egingo dute auzokide guztiek batera.
Aretako elkarte eta norbanako ugari batu dira egitaraua hornitzera, eta horrek ere aniztasuna eman dio programazioari: txistulariak, buruhandiak, makro-txopo txapelketa, dantza-plaza... Unai Llanok Aretako Trikimako taldearen itzulera nabarmendu du. 30 urteren ostean hanka-paluetan kalejiran aterako dira bertako kideak, Aretako buruhandiekin batera.
Eguna borobiltzeko, Iratzar Erromeriak kontzertua eskainiko du Aretako parkean, 21:00etatik aurrera.