MARTIN TRAFOIER

"Jendeak asko eskertu du euskaraz genekizkien hitz apurrak entzutea"

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 18a, 09:30

Martin Trafoier Laudioko Lamuza parkean. / Aiaraldea.eus

MARTIN TRAFOIER (Südtirol) Laudion egon zen pasa den astean. Erasmus+ programaren eskutik Südtirolgo hainbat ikaslerekin batera bisitatu zuten Euskal Herria eta alemaniarrez hitz egiten duten Italiako lurralde horren berri eman zuten.

Nondik etorri zarete Laudiora?

Gu Südtirolgoak gara. Italiako iparraldean gaude kokatuta, baina jende gehienak alemaniarrez hitz egiten du. Partekatzen dugun beste ezaugarri bat da zabalera. Euskal Autonomia Erkidegoak bezala, 703.000 kilometro karratu ditugu. Hori bai, gu 530.000 biztanle gara eta hemen askoz gehiago zarete. 

Gure lurraldea menditsua da, Alpeen erdian baikaude eta gure tontor handienak ia 4.000 metro ditu eta mendiek inguratzen dituzte gure udalerriak. 

Zein da Südtirolen historia?

Gu Austriaren parte izan ginen sei mendez, baina I. Mundu Gerra amaitzean, Italia barruan geratu ginen. Egun batetik bestera jendea atzerriko herrialde baten kide zen, ez zekien bere hizkuntza eta ez zuen ulertzen.

"Südtirol Austriaren parte izan zen sei mendez, baina I. Mundu Gerra amaitzean Italia barruan geratu zen, egun batetik bestera"

1922an Benito Mussolinik hartu zuenean boterea, faxistak saiatu ziren gure lurraldea italiarrizatzen. Alemaniarra debekatu zuten, baita kultura hori sustatzen zuten elkarteak ere. Alemaniarra legez kanpokoa zen. Esaterako, nire aitonaren izena Josef zen, baina agiri ofizialetan Giuseppe. 
Jendeak ez zuen nahi italiarrizatua izatea.

1939an Hitlerrek eta Mussolinik akordioa lortu zuten eta alemaniarrak izan nahi zutenek Alemaniara jo behar zuten. Besteak italiarrak bilakatu behar ziren eta kultura alemaniar eta austriarrari uko egin behar zioten.

"Mussolinik boterea lortu zuenean, faxistak saiatu ziren Südtirol italiarrizatzen"

II. Mundu Gerra amaitu zenean, jende askok espero zuen Südtirol Austriara itzuliko zela, baina Austria ez zen jadanik estatu bat. Hortaz, Italia barruan geratu ginen, baina autonomia bermatu ziguten. Parisen sinatu zen nazioarteko akordioa eta garatu dugu. Autonomia oso ona daukagu eta ordaintzen ditugun zergen %90 itzultzen dira gure lurraldera eta, erlatiboki aberatsak garenez, diru asko bideratzen dugu hezkuntzara, azpiegituretara...

Biztanleriaren bi heren alemaniarrez mintzatzen dira, heren bat italiarrez eta badago gutxiengo txiki bat ladina baliatzen duena; 20.000 hiztun inguru dira. Hiru hizkuntzak dira ofizialak.

Eramus+ programaren aurtengo gaiak dira autonomia eta hizkuntza gutxituak. Nola heldu zineten Euskal Herrira?

Ikerketa apur bat egin genuen, ikasi genuen Gernikari buruz, Francok egindakoa euskal kulturari eta herriari eta herri elebiduna dela. Sumatu dugu jende pilok hitz egiten duela gazteleraz eta ez horrenbeste euskaraz.

Zer moduz egonaldia?

Egon ginen gabarraren jaitsiera ikusten eta asko gozatu genuen. Eraman ditugu Athleticeko bufandak.

Halaber, konturatu gara hemengo paisaia erlatiboki antzekoa dela; menditsua, badago nekazaritza... Jendea oso atsegina da eta ikasleek oso gogoko dute.

Laudion paseoa egin dugunean eta dakizkigun hitz apurrak erabili ditugunean (kaixo, agur, eskerrik asko, zer moduz...) herritarrek asko eskertu dute. Etxean egongo bagina bezala sentitu gara. 

Non egon zarete?

Bilbon, Laudion, Donostian, Gaztelugatxen... Nire bigarren bisita da Euskal Herrian. Aurrekoan ikasleekin ere egon nintzen. Gasteizen eta Gernikan ibili ginen.

Bisita laburra izan da eta gauza asko ikusteko aukera ez dugu izan, baina zenbait jarduera egin ditugu Laudio Institutuarekin euskal kultura hobeto ezagutzeko.

Zer kontatuko duzue Südtirolen Euskal Herriari buruz?

Antzekotasun ugari sumatu ditut. Jendea irekia eta atsegina, lasaia, eta lurraldea oso polita. Zorte oso ona izan dugu eguraldiarekin eta horretan ere antzekoa da. Negua oso hotza da, baina uda beroa, 30 gradura heltzen dira tenperaturak.

"Gabarra ikusi genuen eta jende andana egon arren, giroa baketsua, lagunkoia eta alaia zen"

Gabarrari buruz ere mintzatuko gara, inork ez dugu horrelakorik ikusi: Jende andana, baina giro baketsuan eta lagunkoian, oso alaia izan zen dena, inork ez zuen oihukatu edo bultzatu... Jende oro zegoen pozik eta umore onez.

Guggenheim Museoa ere ikusi genuen eta arkitektura zoragarria da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide