Sumarrek ere bisitatu du Aiaraldea hauteskunde kanpainaren testuinguruan. Alderdi horretako kideek agerraldia egin dute Laudion, “ekonomia demokratizatzeko eta herritarren zerbitzura jartzeko” neurriak aurkezteko. Euren hitzetan, EAJk eta PSEk “merkatuaren, dirudun handien, multinazionalen eta nazioarteko finantza-funtsen” esku utzi dute ekonomia.
Horren aurrean, ekonomia “langileen zerbitzura” jarri behar dela aldarrikatu du Jon Hernandezek, eta nabarmendu du hori zergetan islatu behar dela bereziki. "Ez da bidezkoa Euskadin EAJk eta PSEk zerga-karga enpresen eta kapitalaren etekinetara murriztu izana, langileen soldatek beren zergekin diru-kutxa publikoei ekarpen handiena egiten dieten bitartean”, salatu du Arabako zerrendaburuak, “horregatik, beharrezkoa da balantza fiskala berrorekatzea sistema justu eta benetan progresibo baten bidez, non ekarpen handiagoa egiten dutenak gehien dutenak eta gehien irabazten dutenak izango diren”. Horri lotuta, “EAJk eta PSEk Alderi Popularrarekin adostutako azken erreforma fiskala” deitoratu du Hernandezek, “aberatsentzako, multinazionalentzako eta finantza-funtsentzako kenkari sorta luzea” proposatzen duelako.
Gauzak hala, “ekoizpen-sistema indartsu bat berreskuratzeko” beharra jarri du Sumarrek mahai gainean, “dauden enpleguak babestuz, enplegu berde berriak sortuz eta inongo eskualderen garapena atzean utzi gabe”. Horri lotuta, Aiaraldeko egoera izan du hizpide alderdiak, EAEko industriak galdu duen pisuaren ondorioak pairatzen dituen eskualde bat delako. “Kalitatezko ehunka lanpostu suntsitu dira, eta, horien ordez, enplegu prekarioak sortu dira turismoaren eta zerbitzuen sektoreetan, eta eskualde osoak utzi dira, gazteei beste aukerarik eman gabe”.
Horren aurrean, hainbat neurri ekonomiko zehatz proposatu ditu alderdiak, prentsa-oharrean zerrendatu dituztenak.