Hizkuntza gutxituen aldeko aldarria Europako Parlamentura eraman du Esti Urresolak

Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 18a, 18:52

Asteartean izan zen sari banaketa Europako Parlamentuan. / LUX European Audience Film Award

LUX sarietan eskaini zuen hitzartzea zinemagile laudioarrak, 20.000 especies de abejas filma izendatuta zegoelako. 

Euskararen eta Europako gainontzeko hizkuntza gutxituen aldeko aldarria zabaldu zuen Esti Urresolak asteartean Europako Parlamentuan, LUX sarien banaketan. Zinemagile laudioarraren 20.000 especies de abejas pelikula zegoen lan izendatuen artean eta, azkenean sariririk irabazi ez zuen arren, txalo andana jaso zuen Urresolak, parlamentarien aurrean eskainitako hitzartzeagatik. 

Laudioarrak eskerrak eman zien jaialdiko arduradunei, bere filmari azpi-idatziak jartzeagatik Europako 24 hizkuntza ofizialetan, horrek “ate berriak ireki eta muga zaharrak hausteko” balio izan duela iritzita. 

Ingelesez hitz egitera pasa zen jarraian, euskarari buruz solasteko. Hizkuntza “komunikazio sistema bat” baino gehiago dela aldarrikatu zuen, “estruktura sinboliko bat mundua ulertu eta sentitzeko”. 20.000 especies de abejas filmean dagoen hizkuntza aniztasuna jarri zuen horren adibide moduan: “filmeko 8 urteko haur transarentzat, euskara ez da komunikazio kanal hutsa, bere burua adierazteko modu askeago bat baizik, euskarak ez duelako genero markarik”.

Korrikako leukoaren aurtengo mezuko esaldi bat aipatu zien Urresolak parlamentariei: "Bertako esaldi bat aipatuko dizuet: ‘Mundu oso bat kabitzen da euskaran’. Nire galdera: euskarak badu tokirik mundu honetan?".

Simone de Beauvoir filosofoaren esaldi batetik tiraka, Urresolak nabarmendu zuen eskubide abstraktuak “aukera konkretuekin” batera garatu behar direla, bestela askatasuna “ilusio hutsa” izango delako. “Eskubide abstraktuez harago, hizkuntzek aukera konkretuak behar dituzte. Hizkuntza eta bere hiztunak benetako askatasunean bizi daitezen”, aldarrikatu zuen zinemagileak, eta galdera bat bota zien parlamentariei: "Zergatik ez euskara, galiziera, sardiniera, korsikera... parlamentu honetan? Ideia horren aurka daudenek argumentu ekonomiko edo logisitikoak erabiltzen dituzte sarritan, baina hizkuntza aniztasuna sustatzea, sariketa honetan egiten den bezala, bada ezberdina dena ikasteko aukera gisa ikustea. Hizkuntza aniztasunak kooperazioa eta bakea sustatzen ditu, inoiz baino garrantzitsuagoa diren aferak”.

Korrikari buruz

Bukatzeko, Korrika zer den azaldu zien Urresolak parlamentariei: "11 egunez, ehunka lagunek 2.800 kilometro egin dituzte Korrika herri batetik bestera, egun eta gauez, gelditu gabe, elkarri lekuko bat pasatzen, eta aurtengoa inoizko Korrikarik jendetsuena izan da. Lekukoaren barruan mezu bat dago, Garazi Arrula idazleak idatzi du aurtengoa. Bertako esaldi bat aipatuko dizuet: ‘Mundu oso bat kabitzen da euskaran’. Nire galdera: euskarak badu tokirik mundu honetan?".

Horri lotuta, "neurri eta aukera konkretuak garatzea" eskatu zien Urresolak parlamentariei, "hegemonia sinbolikoan ordezkatuta ez dauden pertsonen eskubide, identitate, errealitate eta hizkuntzak bermatzeko, benetako askatasun iraunkor eta egonkorra sustatuz”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide