Bularreko minbizi metastasikoaren kontrako ibilaldia egingo dute Laudion maiatzaren 5ean

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 19a, 09:00

Bularreko minbizi metastasikoaren kontrako elkartasun ekimena Bartzelonan. / www.cancermamametastasico.es

Sei kilometro baino gutxiagoko ibilbidea eskainiko du elkartasun ekimenak eta bularreko minbizi metastasikoaren ikerketara bideratuko dute bilduko den dirua.

Ugarteko Gazteak elkarteak Bularreko Minbizi Metastasikoaren Kontrako Elkartasun Ibilbidea antolatuko du maiatzaren 5ean, igandea. 11:30ean abiatuko da Herriko plazatik, handik Zumalakarregiko biribilgunera joko dute eta Industrialdera gero. Malekoira helduko dira ondoren ibaiaren eta trenbidearen arteko bidetik, eta Batzalarrin kalera bertaratuko dira Zubiko Etxearen alboan dagoen zubitik. Zumalakarregitik jarraituko dute jarraian, Ugarte plazan amaitzeko, Sagastia inguratu ondoren.

Antolatzaileek gogoratu dute elkartasun ekimena izango dela eta, ondorioz, ez dela lehiakorra izango, nahiz eta norberak nahi duen moduan bete dezakeen. Izen-ematea Gorka eta Ugarte tabernetan, Ugarteko kioskoan eta Zuentzaten egin daiteke. 6 euro balio du eta parte hartzeagatik kamiseta oparituko dute.

Inskripzioa egiteko mugarik ez dago eta jadanik 200 lagunek egin dute. Hori bai, antolakuntzak nahiago luke ahalik eta lasterren jakitea ibiltarien kopurua, kamisetak apirilaren 26tik maiatzaren 3ra bitartean banatu nahi dituzte eta.

Xede ekonomikoa betetzeaz gain, gaixotasuna ikusarazi nahi dute, gogoratzeko ikerketa lan handia falta dela esparru horretan.

Bularreko minbizi metastasikoa

Jende ugarik pairatzen du bularreko minbizi metastasikoa. Gaixo gehienak emakumezkoak dira, baina badaude gizonezkoak ere. Finean, gaitza bularreko minbiziarekin hasten da, baina behin hori gaindituta, gorputzaren beste atal batean agertzen da berriro.

Bularreko minbizi metastasikoaren kontrako elkarteak Espainiako Estatuan lan egiten du eta hainbat herrialdetan ditu taldeak. Euskal Herrian badago ordezkaritza bat. Berta egiten den lana azaldu zuen Maiteder Intxaurraga ordezkariak Poliedroa saioaren lehen edizioan:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide