Imegarreko langileek hiru egun beteko dituzte gaur greba mugagabean. Grebalariek mobilizazioa egin dute eguerdian lantegitik abiatuta. Herrigunera jaitsi dira, eta tailerrera bueltatu dira gero.
Protestak protesta, beharginek ez dute oraindik inolako erantzunik jaso zuzendaritzaren partetik, LAB sindikatuak salatu duenez. Gauzak hala, aurrera jarraituko dute lanuztearekin, eta mobilizazio ugari prestatu dituzte datorren asterako. Datozen egunetan emango dute hurrengo hitzorduen berri.
Aldarrikapen bakarra dute langileek: azken asteetan kaleratutako bi langileen berronartzea. Zuzendaritzak oharra plazaratu zuen grebaren lehen egunean, azalduz kaleratze horiek ez dutela zerikusirik lan sindikalarekin, bi kaleratuak LABeko kideak izan arren. Sindikatuak, aldiz, kontrakoa adierazi zuen, eta elkarrizketak abiatzeko prestutasuna plazaratu zion enpresari.
